Eus domeinua sarean da, 92 aitzindarien eskutik

elgoibarren.net 2014ko uzt. 1a, 12:44

PuntuEus Fundazioak .eus domeinua erabiltzen hasiko diren 92 erakunde aitzindariak aurkeztu zituen, joan den zapatuan, Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian. Egun horretan bertan aktibatu ziren lehen webgunetako domeinuak. Aitzindarien Fasearen ondoren, abiarazte-aldia etorriko da. Abiarazte aldian mota guztietako erakunde publiko, elkarte eta enpresek euren domeinu-izenak eskatu ahal izango dituzte, lehentasunez, publiko orokorrera ireki aurretik. Abiarazte-aldia zehazki irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an bukatuko da.


 Aitzindariak.eus webgunean ikus daitezke domeinua aktibatzen lehenak izango diren enpresa, hedabide, erakunde publiko eta euskalgintzako elkarteen zerrenda. Proiektuaren koordinatzaile Iratxe Esnaolak Bilbon emandako prentsaurrekoan esan zuenez, zerrenda "oso anitza da, izaera, dimentsio eta jatorri ezberdineko entitateak biltzen dituelako". Aitzindarien artean daude 9 enpresa, 23 erakunde publiko, 14 hedabide eta 46 entitate, euskal kulturgintza barruan kokatu dituztenak.
PuntuEus Fundazioko lehendakari Joan Mari Torrealdaik, orain arte egindako ibilbidea baloratu zuen. Gustura azaldu zen eta aitzindariek proiektuari emandako bultzada ekonomikoa zein sustapenekoa azpimarratu zituen.
•Proiektuaren hurrengo urratsak

1706636652634 Eus domeinua sarean da, 92 aitzindarien eskutik

Proiektuaren hurrengo fasea irailaren 16an abiatuko da. “.eus” domeinua erabili nahi duten erakunde, elkarte eta enpresek domeinu izenak eskatzeko azaroaren 18ra arteko epea izango dute. Tarte horretan eskaera egiten dutenen domeinu-izena abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, aktibatuko da. Ordutik aurrera, azken fasean, norbanakoek izango dute domeinua eskatzeko txanda.

Bideoa: eitb.com