IMHko bi ikasle China Skills probetan parte hartzen ari dira

elgoibarren.net 2014ko uzt. 1a, 17:51

 
Mekatronikako irakaslea bi ikaslez osatutako IMHko taldeak Txinako Gobernuak sustatutako "China Skills - 2014 National Vocational Students Skills Competition" lanbide heziketako erakustaldian parte hartzen dihardu Tianjin hiriburuan.



 Lanbide Heziketako ikasleek industriarekin zerikusia duten hainbat proba egiten dituzte China Skills izeneko txapelketan. IMHtik joandako ordezkariak esaterako, produkzioko eta automatikako lerro baten instalazioan ari dira lanean. Txinarrez eta euskaldunez gainera, herrialde askotariko ikasleak batu dira Txinan: Tailandia, Alemania, Hego Korea, Laos, Singapur edo Tanzaniako ikasleak, besteak beste.

 Erakusketa hau urtero egiten dute ZDVTI ikastetxean (Tianjin Sino-German Vocational Technical College). Joan den martxoan sinatu zuten lankidetza hitzarmenari esker, Elgoibarko IMH ikastetxearekin lankidetzan dihardu Txinako zentro horrek, eta hango ikasleek fabrikazio mekanikoko ikasketak egin eta Espainiako titulu homologatua lortzeko aukera dute. Txinan Lanbide Heziketako erreferentziazko zentroa da ZDVTI (sortu zutenean AFZ izena zuen). Guztira, 9.500 ikasle ditu.