Markel Aranberrik irabazi du Elgoibarko tenis txapelketa

elgoibarren.net 2014ko uzt. 1a, 20:34

 
Markel Aranberri Debako tenislari gazteak irabazi du 40 + 15 Tenis eta Padel elkarteak antolatzen duen Elgoibarko tenis txapelketa. Finalean 7-5 eta 6-3 irabazi zion Agustin Quintana azkoitiarrari. Tenisari esker beka bat atera zuen Aranberrik eta Amerikako Estatu Batuetako unibertsitate batean dihardu ikasketak egiten.

 

Tenislariak garaikurrekin: Markel Aranberri (ezk.), Unax Zulaika, Agustin Quintana eta Danel Esteban.

Hogei tenislarik parte hartu dute aurten Elgoibarko tenis txapelketan eta Markel Aranberri eta Agustin Quintanak lortu zuten finalera ailegatzea. Aranberrik hemeretzi urte dauzka eta Gipuzkoako txapelduna izan da hainbat kategoriatan. Gaur egun AEBtako unibertsitate batean, Virginiako Bluefield College-en ari da ikasten, tenis beka bati esker. Bestetik, Agustin Quintana azkoitiarra tenis irakaslea da eta amateur mailako hainbat txapelketa irabazi izan ditu. Lehen seta lehiatua izan zen eta 7-5 irabazi zion Aranberrik Quintanari. Bigarren setean, berriz, errazago nagusitu zen tenislari gaztea (6-3), eta honenbestez, 2011n lortu zuen garaipena errepikatu zuen.
 Debako tenislaria iaz ere iritsi zen finalera, baina goi mailan diharduen beste euskal tenislari baten aurrean amore eman behar izan zuen, Jonathan Taborciaren aurka, hain zuzen ere.
  40 + 15 tenis elkarteko kideek alebin eta jubenil mailako jokalari onenak ere saritu zituzten, Unax Zulaika eta Danel Esteban, hurrenez hurren.

Padel txapelketako finalak, zapatuan
  Tenis txapelketarekin batera padel txapelketa ere jokatu dute azken hilabeteotan eta zapatuan, uztailaren 5ean, jokatuko dute finala, 11:00etan hasita.