Batxilergoko sari berezietan Euskadiko notarik altuena lortu du Leire Melgosa elgoibartarrak

elgoibarren.net 2014ko uzt. 2a, 17:51

 
Ohorezko matrikulak jaso dituzte IES Elgoibar-Arreiturre BHI ikastetxeko bost ikaslek (ondoko argazkian), eta horietako batek gainera, Leire Melgosak, Batxillerreko sari berezietan notarik altuena lortu du.



 Honako hauek dira goiko argazkian ageri diren Elgoibarko Institutuko Batxilergoko ikasleak. Ezkerretik hasita: Maitane Ibarguren, Nora Bastida, Haizea Beristain, Maddi Etxabe eta Leire Melgosa. Azken honek, Leire Melgosak, Euskadiko notarik altuena lortu du Batxilergoko sari berezietan. Sari berezietako bat jaso ahal izateko 8,75dik gorako batez beste nota eduki behar da Batxilergoan. Atzerrian ingelesa ikasteko egonaldi bat jasoko du saritzat.

•Maltako odisea
 Batxilergoko bigarren mailako ikasleak Maltara joan dira aurten ikas bidaian, baina uste baino gehiago kosta zaie etxera itzultzea. Ekainaren 18an joan eta ekainaren 25ean itzuli behar zuten, baina itzulerako eguna iritsi zenean ezin izan zuten etxera ekarriko zituen hegazkina hartu, Frantziako aire-kontrolatzaileak greban zeudela-eta. Frantziako aire eremua gurutzatu ezin zezaketenez, ikasleek aireportuan pasa zuten gaua, eta biharamunean, ekainaren 26an, Erromara bidaiatu zuten hegazkinez. Gero, Italiako hiriburutik autobusez egin zuten etxerainoko bidea. Joan den barixaku gauean itzuli ziren etxera. Egun horretarako aurreikusita zuten diploma banaketa ekitaldia bertan behera laga behar izan zuen institutuak eta joan den astelehenean egin zuten ekitaldia.