Rikardo Garate Hirigintza zinegotziak esandakoaren arabera, Pirinioetako harria erabiliko dute probalekua egiteko, eta aurrekontua 42.000 eurokoa izango da.
Idi-probak izan ziren iazko San Bartolome jaietako berrikuntzarik nabarmenenetarikoa. Herritar baten ideia bati tiraka antolatu zituen Udalak idi probak, Sigmako aparkalekuan.
Garai batean urtean hiru aldiz egiten ziren idi-probak Elgoibarren, Trinitateetan, sanbartolomeetan eta Gabon Zahar ferian egiten ziren, Artetxeko edo Santa Klarako probalekuan. Urteekin, baina, galdu egin zen ohitura hori, eta auzoetako jaien barruan egiten dira gaur egun idi-probak, joan zen asteburuan Idotorben, esaterako, San Pedro jaien barruan. Orain dela urte batzuk Trinitate jaietan ere antolatu zuten dema Harri Beltzarekin, baina iaz sanbartolomeetan antolatu zuten dema bezalakorik 50 bat urtean ez zela egiten azaldu zuten antolatzaileek. Dena ondo irten zela ikusita, aurten ere probak antolatzeko asmoa du Elgoibarko Udalak eta horretarako egokituko dute probalekua Sigmako aparkalekuan.