Asmaola egitasmoa ezagutarazteko ekitaldia egingo dute IMHn uztailaren 16an

elgoibarren.net 2014ko uzt. 7a, 20:00

Enpresa txiki eta ertainen berrikuntza aplikaturako zentroa izango da Asmaola. IMHn duela lau urte hasi ziren proiektu hau garatzen, erakunde publikoek eta entitate pribatuek emandako laguntzari esker, eta dagoeneko hasita daude zentroa hartuko duen eraikina egiteko lanak. Inguruko enpresei Asmaola egitasmoa ezagutarazteko aurkezpen ekitaldia antolatu dute uztailaren 16rako.



 Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuko arduradunek aurreratu dutenez, 2015eko "martxorako edo apirilerako" bukatuta egongo dira Asmaola zentroa hartuko duen eraikina egiteko lanak. Alegia, 2015-2016 ikasturtean hasiko du bere ibilia IMHren eskaintza handitzera eta zabaltzera datorren zentroak. Alcorta Forging Group enpresak lagatako lurretan eraikitzen ari dira zentroa, IMHtik metro batzuetara. Eraikinak 1.200 metro koadro erabilgarri izango ditu, eta horietako 400 metro koadro hartuko ditu tailerrak.

 Funtsean, enpresa txiki eta ertainen berrikuntza aplikaturako zentroa izango da Asmaola. Berrikuntzarako ateak itxita daude gaur egun enpresa txiki eta ertain askorentzat, eta merkatuan dagoen hutsune hori betetzera dator Asmaola, IMHko zuzendari Joxean Egañaren berbetan.

Enpresa txiki eta ertainentzako berrikuntza
  Duela lau bat urte hasi ziren Asmaola egitasmoan lanean, eta gauzatu ahal izateko Kutxak emandako diru-laguntza "ezinbestekoa" eta "eskuzabala" izan dela nabarmendu du Egañak. Hori dela eta, "hasieratik proiektuan sinetsi zutelako", aitortza egingo diote uztailaren 16rako antolatu duten ekitaldian.
 Asmaola egitasmoa aurkezteko ekitaldia izango da eta inguruko enpresa txiki eta ertainetako ordezkariei dei egin diete parte hartzera, eurak izango baitira Asmaola zentroan garatu nahi dituzten berrikuntzen onuradun nagusiak. IMHn egingo dute ekitaldia, 12:30ean. Izena emateko IMHra deitu behar da  (943 744 132), edo imh[abildua]imh.es posta elektronikora idatzi.

Asmaola+
 Asmaola egitasmoaren bilakaera da Asmaola+. Elgoibarko IMHk sustatutako egitasmoa gauzatzen joan ahala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuen. Erakunde publikoen babesarekin Elgoibarko mugak gainditu eta Euskal Herriko beste beste zentro batzuekin saretu da. Hala, 2013ko irailean jarri zuten abian Asmaola+, Lanbide Heziketako ikastetxeen aliantza estrategikoa sustatzen duen proiektua. Elgoibarko IMH, Bergarako Miguel Altuna, Usurbilgo Lanbide Eskola, Irungo Bidasoako Lanbide Eskola, Muskizeko Somorrostro Lanbide Eskola eta Tknikaren parte hartzearekin jarri zuten abian eta joan den ekainaren 30an beste lau zentro batu zitzaizkien: Eibarko Armeria Eskola, Gasteizko Egibide, Bilboko Elorrieta-Erreka Mari eta Derioko Txorierri Politeknika Ikastegia.

Asmaola zentroa egiteko obrak hasita daude.

Zentroak izango duen itxura erakusten duen irudi birtuala.

1706636642650 Asmaola egitasmoa ezagutarazteko ekitaldia egingo dute IMHn uztailaren 16an

1706636642737 Asmaola egitasmoa ezagutarazteko ekitaldia egingo dute IMHn uztailaren 16an