Elgoibarren kultura sustatzeko erabiltzen diren azpiegituren erabilera eta kudeaketa diseinatzeko abian jarritako parte-hartze prozesuaren harira EHBilduk eginiko kritikak erantzun ditu Elgoibarko Udaleko gobernu taldeak, prentsa ohar bidez.
EHBilduk “ezinbestekotzat” jo zuen Udalaren kultura politika zehaztea, Aita Agirreko kulturgunea behar bezala garatu dadin. Besteak beste, kultura alorrean dituzten lehentasunak eta zein eredu sustatu nahi duten zehazteko eskatu zuen koalizioak, eta baita sorkuntzak izango duen lekua zehazteko ere. Baldintza horiek zehaztu gabe, kultur gunearen erabilera zehaztea ez dela posible uste du EHBilduk. Horrez gain, prozesu parte hartzailea mugaz josita dagoela adierazi zuten, bereziki, hainbat kultur eragilek ez dutelako jaso prozesuan parte hartzeko deialdia.
Udal Gobernuak jakinarazi duenez, EHBilduk eta udal talde guztiek jaso dute prozesu honi buruzko informazioa. Lehen fase batean, Elgoibarko kultura, euskara, sorkuntza edo hezkuntza arloan jardueraren bat egin edo zerbait esateko duten eragileekin antolatu zutela bilera informatiboa azaldu dute. “Kritikak alde batera utzi, eta bilera informatiboan egon beharko lukeen elkarteren bat edota eragileren bat falta dela ikusiz gero, proposamena egiteko gonbitea luzatzen diogu Bilduri”, dio Udal Gobernuak. (Joan den ekainaren 18an egin zuten lehen bilera informatiboa. Hona hemen bileran parte hartzera deituak zeuden elkarte eta eragileen zerrenda – PDF)
Kultura, euskara, sorkuntza edo hezkuntza esparruetan diharduten eragileek lehentasuna izan dutela azaldu dute Udal Gobernuko ordezkariek, horiek baitira euren ustez, “eraginkorrenak”, gaur egun, Elgoibarko bizitza kulturalean, euskara arloan eta hezkuntzan. Alabaina, prozesu parte-hartzaileak herriko agendarekin zerikusia duten entitate eta pertsonez gain, Elgoibarko herritar guztiak, oro har, hartuko dituela kontuan gogora ekarri nahi dio Udal Gobernuak EHBilduri.
∞Lotura duten albisteak: