Pako Iriondo zena omenduko dute Zumaia Flysch Trail mendi lasterketan

elgoibarren.net 2014ko uzt. 8a, 16:41

Mendizaletasunarekin lotutako kirolariak omentzeko ohitura du Zumaia Flysch Trail mendi lasterketak. Aurten Alberto Zerain mendizaleak jasoko du errekonozimendua publikoaren aurrean, eta, Zerainekin batera, hil ondorengo omenaldia egingo diete Benantxio Iruretari eta Pako Iriondori. Uztailaren 13an jokatuko da seigarren Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa.


Pako Iriondo, Josune Bereziartu eta Rikar Otegiren erdian, 2011n Zumaian egin zieten omenaldian.

Pako Iriondok 2011n ere jaso zuen Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketako antolatzaileen omenaldia –Josune Bereziartu eta Rikar Otegirekin batera–, euskal mendizaletasunaren alde egindako “lan eskergagatik”. Iriondok, gainera, harreman estua izan zuen Flysch Trailarekin. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Iriondok asko lagundu zien lasterketaren maila hobetzen eta izen ona zabaltzen. Euskal Mendizale Federazioko Ohorezko presidentea zen Iriondo otsailean hil zen, 87 urte zituela.
 

 Benantxio Iruretak ere jasoko du hil ondorengo omenaldia. Aizarnako mendizalea joan den urtean hil zen, Aneton izandako istripuan. Iruretak esperientzia handia zuen goi mendietan, eta arrasto sakona utzi du bera ezagutu zuten mendizaleengan, baita belaunaldi gazteagokoengan.

 Alberto Zeraini dagokionez, mendizale arabarrak ibilbide luzea du goi mendietan; besteak beste, zazpi zortzimilako igo ditu Himalaian.

 VI. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa datorren domekan, uztailaren 13an, jokatuko da eta azken bi edizioen ezaugarriak izango ditu: Espainiako Koparako puntuagarria izango da, bi ibilbide izango ditu –31 kilometrokoa luzea eta 15ekoa motza–, eta Espainiako autonomietako selekzioek hartuko dute parte, beste hainbat korrikalarirekin batera, tartean elgoibartarrak eta mendaroarrak.