Astebururako eskaintza zabala Mendaron: giza probak, batukada eta dantzarako erritmoak

elgoibarren.net 2014ko uzt. 10a, 10:23

Gipuzkoako Taldekako Giza Proba Txapelketako hirugarren kanporaketa jokatuko dute zapatuan (uztailak 12) Mendaron. Itziar, Orio eta Mendaroko taldeak arituko dira lehian, Garagartzako eliz ondoko plazan. Saioaren amaieran duela gutxi sortu duten Mendaroko batukada taldeko kideak irtengo dira kalera estreinakoz. Garagartzatik hasi eta Goñati frontoiraino ibiliko dira kalejiran. Iluntzean, berriz, Argizulo DUB Stationek eta DJ Nelok dantza erritmoak jarriko dituzte frontoian.


 Bi aste barru hasiko dira santana jaiak Mendaron, baina biharko egunari ere festa usaina dario. Batetik, Mendaroko giza proba taldeak Gipuzkoako Taldekako Giza Proba Txapelketako hirugarren kanporaketan hartuko du parte. Mendaroarrekin batera, Andutz Itziar eta Heldu! Orio taldeak arituko dira deman. Talde bakoitzak hogei minutuko saioa egingo du 950 kiloko harriarekin, Garagartzako eliz ondoko plazan. 19:00etan hasiko da saioa, eta dohainik izango da.

1706636625223 Astebururako eskaintza zabala Mendaron: giza probak, batukada eta dantzarako erritmoak

1706636625342 Astebururako eskaintza zabala Mendaron: giza probak, batukada eta dantzarako erritmoak

 Gipuzkoako txapelketan parte hartzen diharduten taldeak bi taldetan banatuta daude. Lehenengo multzoan Berrobi, Urola Garaia eta Debako Tarinak daude, eta bestean Heldu Orio, Mendaro eta Andutz Itziar. Bigarren multzoko partaideek Itziarren jokatu zuten estreinako jardunaldia, joan zen ekainaren 14an. Oriok irabazi zuen proba, 44 plaza, 2 zinta eta 4,10 metro bete ondoren. Bigarren tokia Itziarko taldeak eskuratu zuen, 44 plaza egin ondoren. Mendaroko giza proba taldeak 41 plaza, 3 zinta eta 2,43 metro egin zituen Itziarren. Bigarren jardunaldian Errezileko probalekuan lehiatu ziren hiru taldeak, eta itziartarrak gailendu ziren, 68 plaza eta 3,25 metro lortu ondoren. Mendarok, berriz, 64 plaza, zinta 1 eta 1,55 metro ibili zituen eta lehen jardunaldiko irabazleak azken postuan sailkatu ziren Errezilen, 64 plaza eta 0,96 metrorekin. Honenbestez, orain arteko emaitzekin, ikusteko dago zein den finalerako sailkatuko den taldea. Mendaroko saioan erabakiko da bihar.

1706636625447 Astebururako eskaintza zabala Mendaron: giza probak, batukada eta dantzarako erritmoak

Batukada taldekoen jendaurreko estreinako saioa

Batukada taldea sortu berri dute Mendaron {ikus erreportajea BARREN 908. zenbakian - PDF}. Batukada ikastaroan parte hartu dute 22 lagunek, eta ikastaroa amaitu ostean, kalera irtengo dira Jorge Ortega maisuarekin ikasitakoa erakustera. Biharko eguna aukeratu dute estreinaldirako, giza-proba saioak Mendarora jendea erakarriko duela uste dute-eta. 19:30ean irtengo dira Garagartzatik eta Goñati pilotalekuan amaituko dute kalejira. Festa giroa ez da, ordea, hor amaituko.
Taberna, instrumentu gehiago lortzeko
 Batukada taldekoek taberna jarriko dute frontoian. Barran ateratzen duten dirua ikastaro gehiago antolatzeko eta instrumentu gehiago erosteko izango dela jakinarazi dute, leku eta instrumentu faltagatik itxarote-zerrendan geratu ziren-eta lehen ikastaroan parte hartu nahi zuten hainbat lagun. Gauerako musika saioak antolatu dituzte. DJ Nelok dantzan jarriko ditu mendaroarrak. 21:30ean hasiko da saioa frontoian. 23:00etan, berriz, Argizulo DUB Station taldearen txanda izango da. Zestoarrek reaggae eta Dub erritmoak ekarriko dituzte. Goizaldean, 2:00etatik aurrera, beste saio bat eskainiko du DJ Nelok. Hortaz, santana jaietarako entrenamendua izango da biharko eguna Mendaron.