Zumaia Flysch Trail lasterketa irabazi du Maite Maiorak eta ia hiru minutuan ondu du errekorra

elgoibarren.net 2014ko uzt. 14a, 07:58

 
Flysch Trail mendi lasterketa jokatu zuten domekan, seigarrengoz, Zumaian. Walter Becerra, gizonezkoetan, eta Maite Maiora izan ziren irabazleak, eta probako errekorrak ondu zituzten batak zein besteak. Maiorak ia hiru minutuan ondu zuen Oihana Kortazarrek 2012an ezarri zuen errekorra. Flysch Traila irabazita, Espainiako Kopako sailkapen nagusiko lehen postuan da Maiora, lasterketa bakarraren faltan.



  Lasterketa ikusgarria egin zuen Maite Maiorak atzo Zumaian. Egun ona izan zuen eta gozatu egin zuen sufritu baino gehiago, lasterketaren amaieran egin zituen adierazpenek argi lagatzen dutenez. "Lasterketan oso ondo sentitu naiz, gero eta hobeto kilometroek aurrera egin ahala, eta, egia esan, pena eman dit bukatu denean". Antxitxikari mendaroarrak 2:38:06 behar izan zuen 31,2 kilometroak osatzeko. Gizonezkoetan ere probako errekorra ondu zuen Walter Becerra sestaoarrak (2:17:32). Honenbestez, orain arteko ediziorik azkarrena izan da 2014koa. (lasterketaren kronika www.zumaiaflyschtrail.com)
Espainiako Kopako lidergoan
Espainiako Koparako puntuagarria zen Zumaiako Flysch Trail lasterketa, eta bertan lortutako puntuei esker, sailkapen nagusiko lehen postuan da Maiora, lasterketa bakarraren faltan.
Zumaian hirugarren egin zuen Eva Maria Ortiz dago bigarren postuan.

Maite Maiora Flysch Trail lasterketan.

Jon Larrañaga (esk.) lasterketa motzeko podiumean.

 
Jon Larrañaga, hirugarren lasterketa motzean
Maite Maiora ez zen podiumera igo zen mendaroar bakarra izan atzokoan. Jon Larrañagak hirugarren postua eskuratu zuen lasterketa motzean. Bi ibilbide izaten ditu Flysch Trailak –31 kilometrokoa luzea eta 15ekoa motza–. Bigarrengoan hartu zuen parte Larrañagak eta hirugarren egin zuen 1:14:07 denborarekin. Sergio Agirregomezkorta (35. postua, 1:25:24) eta Eneko Salegi (103. postua, 1:35:38) elgoibartarrek ere amaitu zuten distantzia motzeko proba.
Gure ordezkariekin jarraituz, distantzia luzeko proban, 72. postuan sailkatu zen Ander Zulaika mendaroarra (2:57:26) eta 202. postuan Fernando Loiola elgoibartarra (3:40:24).

1706636622896 Zumaia Flysch Trail lasterketa irabazi du Maite Maiorak eta ia hiru minutuan ondu du e

Pako Iriondori omenaldia

Lasterketari hasiera eman aurretik omenaldia egin zieten Alberto Zerain mendizaleari, eta azken urtean hil diren Benantxio Irureta eta Pako Iriondori. Andoni Egañak bertsoak kantatu zituen eta oroigarri bana jaso zuten omenduek. Irureta eta Iriondoren kasuan, senitartekoek jaso zituzten.
  • Flysch Trail lasterketako argazki bilduma baleike.com atarian