Urtero legez, Portugaleteko Elai Alai taldearekin elkarlanean antolatu du Haritz dantza taldeak Elgoibarko Nazioarteko Folklore jaialdia. Aurten, dantzaldiaren 28. edizioa izango da, eta bada berrikuntza bat, izan ere aurtengo jaialdia dohainik izango da. Gainontzean, beti bezala, nazioarteko bi talde arituko dira Haritz dantza taldeko dantzariekin batera. Batetik, Ipar Osetiako Gorets taldea, eta bestetik Costa Ricako Tierra y Cosecha taldea. Hona hemen taldeei buruzko informazioa. (iturria: www.dantzan.com/haritz)
•Ipar Osetia: Gorets
Gorets taldea, 1961ean sortu zuten eta ordutik, Ipar Osetiako koreografia eta ohiturak garatzen eta lantzen dihardute. Osetiako bizimodua, ohiturak eta arima islatzen dituzte ikuskizunetan. Mugimendu handiko dantzak eskaintzen dituzte, trebetasun fisiko handia eskatzen dutenak. Taldeak duen errepertorioaren oinarrian Osetiako herri-ondarea eta herri-musika daude, baina Georgiako eta Azerbaijaneko jatorriko dantzak ere badituzte.
•Costa Rica: Tierra y Cosecha
Tierra y Cosecha (Lurra eta Uzta) folklore taldea 1974. urtean sortu zuten, eta gaur egun, Costa Ricako folklorearen ordezkaririk garrantzitsuenetakoa da. Eduki historiko ugarikoa da taldearen errepertorio artistikoa, Costa Ricako hainbat toki eta garaitako gertaerak berreskuratu dituzte-eta. M.A. Marvin Santos Varelak gidatzen du taldea. Bera da zuzendaria eta koreografoa, eta haren ezagutza zabalari eta etengabeko lanari esker eskuratu ditu taldeak orain arteko lorpen handienak.
•Haritz Euskal Dantzari Taldea
Ohi duten legez bi zatitan banatuko du Haritzek bere emanaldia. Lehen emanaldia Elgoibarko eta inguruko doinu, dantza eta tradizioetan oinarritutakoa izango da. Hainbat osagai erabili dituzte saio hau prestatzeko. Soka-dantzarekin hasiko dira, baina San Bartolome eguneko soka-dantza “dotorea” baino, XX. mende hasieran Gabon Zahar egunean egin ohi zen soka-dantza “libre, bihurri eta jostalaria” irudikatuko dute. Elgoibarko hainbat belaunaldik kantatu eta dantzatu izan duten Artzai buru zuri abestiaren doinua agertuko da pasarte batean, Juan Antonio Urbeltzek eta Argia dantzari taldeak galaien esku-dantza ikuskizunerako erabili izan duten moduan. Horrez gain, Resurrección Maria de Azkuek XX. mendearen lehen zatian Toribio eta Mariano Iriondo elgoibartarrei jasotako dantza-doinu ezagunak: Horra hor goiko, Dantzadu daigun sonbrailu eta Aldapeko sagarraren agertuko dira, bai dantza moduan, bai esku-joko eran, eta baita Markina-Xemeinen egin ohi den mahai-gaineko dantza moduan ere.
Haritz Euskal Dantzari Taldeak, jaialdiaren bigarren zatian, Cortesko paloteadoa eskainiko du. “Jimeno Jurio ikertzaile nafarrak idatzi zuen ‘Paloteadoa dantza baino gehiago’ dela, eta halaxe da, dantzez gain, bertso errezitatuak eta kritika sozial eta politikoa biltzen dituen antzerkia biltzen baitira bertan”. Nafarroako Erriberako paloteado hau Cortes herriko zaindaria den San Migel egunean, irailaren 29an egiten da. Haritzek plazaratuko dituenak, honako dantza hauek dira: Paseo, Cortesias, Vals, Trenzado doble eta Jota.
2013ko folklore jaialdia, argazkietan: