Ibon Gabilondok bederatzigarren postuan amaitu du Gasteizko triatloia

elgoibarren.net 2014ko uzt. 16a, 09:26

 
Goi-mailako triatloi proba jokatu zen domekan Araban: Gasteizko triatloia. Espainiako bazter askotatik joandako ia 1.700 kirolarik hartu zuten parte proban; 900 atletek Ironman proban eta 732 lagunek aurten konpetiziora gehitu duten diziplina berrian: Ironman erdia. Azken proba horretan parte hartu zuten bi elgoibartarrek, Ibon Gabilondok eta Aitor Ibabek eta Iban Zubiaurre mendaroarrak. Gabilondok lehen hamarren artean sailkatzea lortu zuen.

 

 Gasteizko Ironman proban parte hartu zuten kirolariek 3.8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan eta 42.195 kilometro korrika (maratoia) osatu behar zituzten, eta Alejandro Santamaria madrildarra eta Brooke Brown kanadarra izan ziren azkarrenak.
 Erdi-Ironman probako partaideek, berriz, 1.9 kilometro igerian, 94.5 kilometro bizikletan eta 21 kilometro antxitxika egin behar zituzten. Joan Ruvireta triatleta katalanak irabazi zuen proba, 4:02:46 denborarekin. Emakumezkoetan, Chelsea Burns estatubatuarra izan zen azkarrena.
 Ibon Gabilondo elgoibartarra irabazlearengandik hogei minutu eta 37 segundura ailegatu zen helmugara, sailkapeneko 9. postuan. Duela zazpi aste bigarrengoz aita izan ostean, nahi baino gutxiago entrenatu ahal izan duela aitortu du Gabilondok, baina, era berean, ekainean etenaldia egin behar izan zuenez, lehiatzeko gogoarekin aurkeztu zen irteera marrara. Amaieran gustura geratu zen egindako lasterketarekin. “Bizikletarekin arazo mekaniko bat izan nuen, baina nola edo ahala konpontzea lortu nuen. Korrikako proban ere sufritzea tokatu zitzaidan, baina orokorrean gustura geratu naiz izan nituen sentsazioekin eta emaitzarekin”. Lau ordu, 23 minutu eta 23 segundoan bukatu zituen lanak (26:40 / 2:27:38 eta 1:25:36). Iban Zubiaurre mendaroarrak (5:08:44) eta Aitor Ibabe elgoibartarrak ere lortu zuten proba amaitzea (5:45:42). (sailkapen osoa)