Pilarreko eraikina eraitsi ostean mendiari eusten zioten paretak bistaratu ziren. Pareta horiek ingurua zatartzen dutela-eta, graffitiekin apaintzea erabaki zuen Elgoibarko Udalak. Gaur hasi dira lanean Graffiti auzolandegian parte hartzen ari diren gazteak. Pintura lehortzeko egun aproposa tokatu zaie, aire librean lanean jarduteko beroegia beharbada. Auzolandegietako hezitzaileek jakinarazi dutenez, bero egin arren ondo moldatu dira gazteak eta lehen eguna izateko uste zutena baino gehiago aurreratu dute. Pareta egokitzen eta lehen pintura geruza ematen jardun dute gaur, eta datozen egunetan hasiko dira graffitiekin. Abuztua amaitzerako naturarekin zerikusia duten graffitiak marraztuko dituzte. Era berean, Sigmako aparkalekuan egiten ari diren probalekua inguratzen duten paretak ere apainduko dituzte graffitiekin.
•Sormena landuz lagun giroan
Euskal Herriko eta Espainiako hainbat lekutatik etorritako hogei bat gaztek jardungo dute lanean, lehen txandan, eta beste horrenbestek bigarren txandan. Bi asteko egonaldia egingo du talde bakoitzak Elgoibarren, Gasteizko Fill in Culture taldeko lau begiraleen laguntzaz, lagun giroan landuko dute sormena. Elgoibarko institutuko gimnasioan hartuko dute ostatu gazte horiek, eta han izango dute jateko eta lo egiteko aukera. Goizez horma margotzen jardungo dute, eta arratsaldez Elgoibarko inguruak ezagutzeko aukera izango dute.
Argazkiak: