Mikel Cornejok irabazi du Sallobenteko jaietako kartel lehiaketa

elgoibarren.net 2014ko uzt. 17a, 18:05

 
Sallobente-Ermuarango jaiak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu dute aurten estreinakoz, eta Mikel Cornejo izan da lehiaketako irabazlea. Cornejok 120 euro eta bi lagunentzako afaria irabazi ditu. Abuztuaren 8tik 10era ospatuko dituzte Sallobenteko jaiak, eta aurtengo berrikuntzen artean Sanlotroia aipatu behar dugu, kirol proba berezia. (egitaraua dauka)



  Sallobenteko jai batzordeak ahalegin berezia egin du aurten eta ekintza berriekin osatu dute auzoko jaietako egitaraua. Berrikuntza nagusienetakoa Sanlotroia izango da. Nahaste Borraste probaren arrastotik, hiru modalitate ezberdin uztartuko dituen proba sortu dute.
Abuztuaren 10ean, San Lorentzo Egunean, egingo dute kirol proba hori. 12:00etan hasiko da, eta hiru proba gainditu beharko dituzte partaideek: Sallobentetik Maalako errotondaraino korrika egin beharko dute lehenengo, eta gero bizikletaz itzuli. Sallobentera iristean bolo jaurtiketa egin beharko dute, eta botatzen duten txirlo bakoitzeko minutu bat kenduko diote aurrez egindako denborari.
Irabazleek jasoko duten saria ere probaren parekoa izango da, berezia. Hala, bere pisua eta bizikletaren pisua batuta jasoko ditu eurotan irabazleak.

1706636615906 Mikel Cornejok irabazi du Sallobenteko jaietako kartel lehiaketa

Autobusa Sallobentera

Sallobentera festetaz gozatzera joateko jarriko duten autobusa da beste berrikuntzetako bat. Abuztuaren 9an, auzora joateko eta itzultzeko autobusa jarriko dute Maalatik, 19:00etatik goizeko 7:00ak arte.