Bi elgoibartar Batxilergoko hamabost ikasle onenen artean

elgoibarren.net 2014ko uzt. 18a, 18:35

Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hamabost ikaslek jaso dituzte 2013-2014 ikasturteari dagozkion Batxilergoko Sari Bereziak, tartean bi ikasle elgoibartarrek: Leire Melgosak eta Alberto Hijanok.

  
 Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak banatzen dituen Batxilergoko hamabost Sari Berezietako bi eskuratu dituzte Leire Melgosa Ecenarro (IES Elgoibar-Arreiturre BHI) eta Alberto Hijano Mendizabal (IES Mutriku BHI) ikasle elgoibartarrek.

 Sari hau lortzeko hautagaia izateko, batxilergoko batez besteko nota 8,75ekoa izan behar da, gutxienez. Emaitza hori lortu ahal izateko Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian egiten den proba bat gainditu beharra dago, eta ondoren lortzen dute sariketan parte hartzeko aukera. Hezkuntza Sailak joan den uztailaren 4an argitaratu zuen Sari Berezien ebazpena, eta publiko egin zituzten hamabost sarituen izenak. Arabako ikasle batek, Bizkaiko seik eta Gipuzkoako zortzik eskuratu dute saria. Honenbestez, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 15 ikasle onenen artean daude Leire Melgosa eta Alberto Hijano 2013-2014 ikasturtean.
Ikasle hauek, nahi izanez gero, Batxilergoko Sari Nazionalera aurkezteko eskubidea dute orain. Hori, ordea, aukerakoa izaten da.
*Argazkiak: elgoibarren.net eta Aitor.