Iban Gonzalez eta Oier Ariznabarreta nagusi Azkarateko maldetan

elgoibarren.net 2014ko uzt. 19a, 16:08

 
Madalako jaien barruan, Azkarateko laugarren igoera jokatu dute gaur, bizikletan zein korrika. txirrindularientzako igoeran 29 lagunek hartu dute parte eta Iban Gonzalez elgoibartarra gailendu da. Antxintxika, berriz, hirugarren garaipena eskuratu du Oier Ariznabarreta durangarrak. (argazki bilduma eta sailkapenak dauka)


  Ohi duten legez, txirrindulariak irten dira lehendabizi. 5,9 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten Maalatik Azkarate gainera arte. Marigorta paretik Ramon Garcia pasa da lehen postuan, metro batzuetako abantailarekin, baina azken kilometroetan aurrea hartu dio Iban Gonzalezek, eta bakarrik ailegatu da Azkarate gaineraino. Hala, garaipenaz gozatzeko aukera izan du azken metroetan. Hamasei minutu eta 33 minututan geratu du epaileen kronometroa. Gonzalezek ezin izan du ondu Aitor Hernandezek 2012an ezarri zuen errekorra (15:05). Bigarren posturako lehia estua izan dute Ramon Garcia elgoibartarrak eta Azibar Iraolagoitia mendaroarrak. Biak dira mutil garaiak, baina aldapa gora ere ederto moldatzen dira. Azken esprintean Garciak hartu dio aurrea Iraolagoitiari. Guztira 29 txirrindularik hartu dute parte proban, guztiak gizonezkoak. (Txirrindularitza probako sailkapena *Sailkapenean akats bat dago: errepikatuta ageri da Joxe Felix Iglesiasen sailkapena, 8. eta 16. postuetan. Hamaseigarren postuari dagokion denbora Arkaitz Bernedorena da)

Iban Gonzalez helmuga marra zeharkatzen.

Oier Ariznabarreta, aurrea hartuta lehen kilometrotik.

Ariznabarretaren hirugarren garaipena
  Txirrindularien ostean antxitxikarien proba jokatu dute. Hamazortzi lagunek hartu dute parte, tartean emakumezko bakarrak. Garaipenerako lehiak ez du misteriorik izan, ia lehen metroetatik aurrea hartu du-eta Oier Ariznabarreta durangarrak, probako dominatzaile nagusiak. Berak irabazi zuen probaren estreinako edizioa 2011n, eta iaz ere bera izan zen irabazlea. Gaur, esan bezala, ez du areriorik eduki eta alde dezentearekin heldu da Azkarate gaineraino, 23:59 denborarekin. Hortaz, lau ediziotatik hiru irabazi ditu antxintxikari durangarrak. David Slater britainiarrak ezarri zuen probako errekorra (20:40), 1981ean. (korrikako probako sailkapena)
ARGAZKIAK: