Espetxe zigorra osorik bete beharko du Arnaldo Otegik

elgoibarren.net 2014ko uzt. 22a, 19:19

 
Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurako epaileek babes helegitearen aurkako erabakia hartu dute gaur, Narvaez epailea ezesteko erabakia hartu ondoren. Erabaki horrekin zigorra osorik betetzera behartuko dituzte Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez, Bateragune auzian epaituak guztiak.

 
 
Arnaldo Otegik, Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek, Sonia Jacintok eta Rafa Diezek Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zien sei urteko edo sei urte eta erdiko kartzela zigorrak osorik bete beharko dituzte. Zigortuek Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu zuten babes helegitea atzera bota du Konstituzionalak, eta horixe da Espainiako auzitegiek helegiteak aurkezteko eskaintzen duten azken aukera.
Sententzia osoa aztertutakoan, eta auzitegiaren azken epaia jaso ostean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira joko dutela iragarri du Euskadi Irratian Jone Goirizelaia abokatuak. Haren esanetan, argi geratu da eskubideak urratu direla prozesuan. Epaia iristerako kartzela zigorra osorik betea izango lukete. 2009ko urritik daude preso. Hasieran Auzitegi Nazionalak hamar eta zortzi urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien, baina murriztu egin zituen Gorenak gero. Otegik, Jacintok, Zabaletak eta Rodriguezek lau urte eta erdi baino gehiago daramate preso. Zigorra beteta, beraz, 2015eko urrian aterako lirateke espetxetik azken hiruak, eta Otegi, 2016ko apirilean.