'Historikoa' izango da aurtengo txupinazoa

elgoibarren.net 2014ko uzt. 23a, 16:23

Hilabete barru, abuztuaren 23an, botako dute udaletxeko balkoitik 2014ko San Bartolome jaiei hasiera emango dien txupinazo ofiziala (13:00). Elgoibarko Udalak bost historiagileri eskaini die aurten suziria pizteko ohorea: Pello Arrieta, Yulen Zabaleta, Koldo Lizarralde, Jabier Elorza eta Carmelo Urdangarin.


 Urte berezia da aurtengoa Elgoibarren, makina-erremintaren mendeurrena ospatzen dihardugu-eta. Historiagileen lanari esker jakin ahal izan dugu nolakoak izan ziren gure herrian makina erremintaren hastapenak eta bilakaera. Horregatik, beharbada, herriko historiagileei egiten duten lanaren aitortza egitea erabaki du aurten Elgoibarko Udalak, eta eurei eskaini die jaiei hasiera emateko suziria pizteko ohorea. Bost lagunek ordezkatuko dituzte historiagileak: Pello Arrieta, Jabier Elorza, Koldo Lizarralde, Carmelo Urdangarin eta Yulen Zabaleta.

  Elgoibarko Udala 2007an hasi zen herritar esanguratsuei txupinazoa botatzeko ardura ematen. Jose Gurrutxaga atleta beteranoak piztu zuen 2007ko suziria eta ordutik hona, besteak beste, Mausitxa baserriko Rosa Mari Salegik, Pilar ikastetxeko ordezkariek, Alcorta enpresako eta Elgoibar Ikastolako ordezkariek izan dute ohore hori. Iaz Elgoibarko Izarrakoek piztu zuten suziria.