Athleticekin Ligan jokatu zuen 300. partidaren haria, BARREN aldizkariari eskainitako elkarrizketan, Athleticekin bosgarren Superliga irabaztea eta Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketa jokatzea zirela etorkizunera begira geratzen zaizkion asmoak adierazi zuen Eli Ibarrak, joan den martxoan. Lehenengo asmoa bete dadin, gogor borrokatu beharko du Bilboko taldearekin hasi berri den denboraldian. Aldiz, hurbilago du bigarren nahia betetzea. Gauzak ondo bidean, -selekzioko hautatzailearen deia jasotzen jarraitzen badu eta lesio larririk ez badu- datorren urtean Kanadan jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera izango du Ibarrak, 33 urterekin.
Joan den zapatuan lortu zuen Espainiako emakumezkoen futbol selekzioak Munduko Txapelketarako sailkapena, Errumaniako selekzioa 0-2 mendean hartu eta gero (ikus partidako laburpen bideoa). Eli Ibarrak partida ia guztia jokatu zuen {88. minutuan ordezkatu zuten}. Ignacio Quereda hautatzaileak sailkapen fasean erabili dituen 21 jokalarien artean minutu gehien jokatu dituenetako bat izan da Eli Ibarra, bederatzi partidetatik zazpitan hartu baitu parte.
Errumaniaren kontrako garaipenari esker, bere multzoko lehen postua ziurtatu zuen Espainiak, eta honenbestez, Munduko Txapelketa jokatzeko txartela lortu dute, sailkapen fasea amaitzeko partida bakarra falta denean. Eguazten honetan jokatuko dute sailkapeneko azken partida Txekian. Espainiako selekzioak estreinakoz jokatuko du Munduko Txapelketa.
∞Lotura duten albisteak:
- Eli Ibarrak 300 norgehiagoka jokatu ditu Athleticekin Ligan (2014-03-19)
- Lapurreta aldageletan eta txartel gorria, Eli Ibarraren egunik beltzena (2009-02-17)
- Gol olinpikoa sartu zuen Eli Ibarrak Athletic-ekin (2006-10-23)
- Itziar Gurrutxaga eta Eli Ibarra Superligako txapeldun Athleticekin (2007-05-08)
- 3 elgoibartar Euskadi-Argentina Buenos Airesen jokatuko den partidako deialdian (2007-03-28)