4.000 urteko zutarria, XXI. mendeko drone baten ikuspegitik

elgoibarren.net 2014ko ira. 17a, 07:23

4.000 urte baino gehiago dituen Historiaurreko monumentu megalitikoa, Arribiribiletako zutarria, zutik jartzeko lanak XXI. mendeko teknologia aurreratuena erabiliz jaso ditu zirriborro-tv-k bideo ikusgarri batean. Izan ere, irudiak hartzeko drone bat {tripulazio gabeko ibilgailua} erabili zuten. Era berean, zutarria tente dagoela ospatzeko Irukurutzetan erromeria egin zuten domekan, eta laurehun pertsonatik gora batu ziren. (bideoa eta argazkiak dauzka)


Karakate eta Irukurutzeta arteko Dolmenen Ibilbidean dagoen Arribiribiletako menhirra zutik jarri zuten berriro, jatorrizko posizioan, Aranzadi Zientzia elkarteko kideek, joan den irailaren 4an. Zutarria altxatzeko lanak drone batean jarritako bideo-kamera batekin grabatu zituzten ikus-entzunezko produkzioan aritzen den zirriborro enpresakoek, eta emaitza ikusgarria lortu dute.

Jendetza erromerian
  Arribiribiletako zutarria tente dagoela ospatzeko erromeria egin zuten, joan den domekan, Irukurutzetan eta zutarriaren inguruan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, laurehun pertsonatik gora batu ziren, gehienak inguruko herrietakoak, Elgoibarkoak, Plaentxiakoak eta Bergarakoak. Aranzadi Zientzia elkarteko adituen azalpenekin hasi zen ekitaldia eta gero dantzari eta txistularien saio berezia, eta umeendako jolasak izan ziren, besteak beste. (erromeriako argazkiak eta bideoa plaentxia.com atarian)

1706636525201 4.000 urteko zutarria, XXI. mendeko drone baten ikuspegitik

1706636525297 4.000 urteko zutarria, XXI. mendeko drone baten ikuspegitik

 
*Argazkiak: plaentxia.com