Iñigo Urkullu lehendakaria buru, gudariak oroitzeko ekitaldi ofiziala egingo dute domekan Aiastian

elgoibarren.net 2014ko ira. 18a, 17:11

 
1936ko gerran Aiastiako lurretan borrokan ibili ziren gudariak oroitzeko ekitaldi ofiziala egingo dute domekan, irailaren 21ean, hain justu ere tropa matxinatuak -duela 78 urte- Elgoibarren sartu ziren egunean. Zirardamendin hasiko dute gorazarre ekitaldia, hildako gudarien hobien ondoan. Ekitaldian, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak hartuko du parte, besteak beste. Elgoibarko Udalak doako autobus zerbitzua jarriko du Aiastiara igo nahi duten herritarrentzako.



 Gudariak eta haiekin batera 1936ko gerran ibilitakoak oroitzeko ekitaldi ofiziala egingo dute domekan Aiastian. Hona hemen pausoz pauso:
  • Iñigo Urkullu lehendakaria eta beste zenbait instituzioetako ordezkariak 9:30ean batuko dira Aiastiako Murkaikupe frontoian. Elgoibarko alkateak eta Elgoibarko Txistulari Taldeak egingo diete harrera agintariei, eta handik Zirardamendiraino joango dira oinez, gudarien gorpuak deshobiratu zituzten lekuraino, hain zuzen ere.
  • Zirardamendirako bidean geldialdi labur bat egingo dute, bidean jarrita dauden plaka biren aurrean. Zirardamendin gertatutakoak jasotzen dituzte plaka horiek, eta baita 1936ko irailaren 25ean Aiastiako borrokaldietan hildako 14 lagunen izenak ere.
  • 10:00etan, txistulariek Agur Jaunak piezaren doinuak jotzen dituzten bitartean, lore eskaintza egingo dute agintariek, Aranzadikoek 2012an deshobiratutako hobien aurrean. Ondoren, Francisco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak eta Elgoibar1936 elkarteko kideek deshobiratzeen inguruko azalpenak emango dizkiete han bildutakoei. 
  • Gero, 1984an hustu zituzten hobiak dauden lekurantz joango dira guztiak. Han ere lore eskaintza ekitaldi bat egingo dute. Vitoriano Agotek eta Iñaki Goioganak hartuko dute hitza; gudarien gorpuak lurperatu zituen baserritarraren semea lehena, eta Sabino Arana fundazioko artxibozaina bigarrena. 
  • Inguru horretan 1952an jarri zuten gurutzeari errespetua erakusteko geldialdia egingo dute ondoren. Zirardamendikoak amaitu ostean, Aiastiako frontoirantz itzuliko dira eta han jarraituko dute omenaldiek.
  • 11:30ean hasiko da Ertzaintzaren musika bandaren emanaldia.
  • 12:00etan Gernikako arbolaren kimu bat landatuko dute, Ertzaintzaren Bandak “Euzko Gudariak” pieza jotzen duen bitartean.
Doako autobus zerbitzua
 Elgoibarko Udalak autobus zerbitzu berezia jarriko du abian, domekan Aiastiara igo nahi duten herritarrentzat. Zerbitzua 8:30ean hasiko da, eta irteera Santa Klara Komentuaren parean egongo da. Zerbitzua doakoa eta etengabea izango da, eta martxan egongo da Aiastiako frontoian eta Zirardamendiko magaletan egingo diren ekitaldiak bukatzen diren arte.

Goazen gudari danok... dokumentalaren grabazioko une bat.

Goazen gudari danok... dokumentala

Goazen gudari danok... izeneko dokumentala estreinatuko dute gaur (irailak 18) Elgoibarko Herriko Antzokian (19:00). Azpeiti eta Elgoibarko lurretan grabatu dituzte irudiak. Dokumentalean jasotzen diren gertaerak, Aiastiako gerra-tokian jazo ziren. Gaur Elgoibarren estreinatuko duten dokumentala telebistan emango dute datorren domekan (irailak 25), ETB-1 katean, eta hilaren 25ean, ETB-2 katean.
 
Lotura duten albisteak: