Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak eta udal talde politikoen bozeramaleek: José Luis Ibarzabal (Bildu) eta Bittori Zabala (EAJ-PNV), harrera egin diete Iñigo Urkullu lehendakariari eta beste zenbait agintari eta instituzio-ordezkariri, gaur goizean, 36ko gerran Aiastiako fronte-lerroan parte hartu zuten gudariei eskainitako gorazarrean. Besteak beste honako agintari eta instituzio ordezkariak izan dira Aiastian: Jose Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusia; Andoni Ortuzar, EAJ-PNVren EBBko lehendakaria, eta Itxaso Atutxa, EAJ-PNVren BBBko lehendakaria.
Ondoren, José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio, Félix Arbulu, duela 78 urte hil zituzten fronte inguru hartara abiatu dira. 36ko irailaren 25ean hil ziren Arana Goiri batailoiko hamalau gudari. Zirardamendin hil ziren Erandio, Santurtzi, Leioa, Mungia, Bilbo eta hiriko Begoña eta Abando elizate ohiak, Getxo, Barakaldo eta Portugalete herrietako gazte haiek. “Haien erakusbidea oinarri, gaur hemen gorazarre egiten diegu, fronte honetan askatasunen alde borrokatu ziren ideologia desberdinetako gudari eta miliziano guztiei; gogoan ditugu 36ko gerran bizia galdu zuten alde bateko zein besteko euskaldunak”, nabarmendu du Alfredo Etxeberriak.
Bidean, hobi komun bi, bata 1982an hustua, eta bestea, 2012an, azken hori Aranzadi Zientzia Elkartekoek. Han, Francisco Etxeberria Aranzadi Zientzia elkarteko presidenteak eta Lourdes Herraztik —Aranzadikoa—, "Elgoibar 1936" elkarteko ordezkari batzuekin, zehazki Hodei Otegi eta Iñaki Odriozolarekin, batera, inguru hartako hobietatik gorpuak ateratzeko egindako lanak azaldu dituzte. Lehendakariak eta beste agintariek loreak ipini dituzte hobi bietan.
Aurrerago, Victoriano Agotek, gudariak lurperatu zituen baserritarraren semeak, eta Iñaki Goiogana historialariak azalpenak eman dituzte, José Mari Otxoa de Txintxetruk eta Josetxu Landak frankismoaren sasoian inguru hartara egiten zituzten bisitez eta han hildakoak gogoan izateko ipini zuten gurutzeaz.
Aiastiako pilotalekura itzultzean, Elgoibarko alkateak eta Udaleko udal talde politikoen bozeramaleek: Fernando Suárez (PSE), José Luis Ibarzabal (Bildu) eta Bittori Zabala (EAJ-PNV), Gernikako Arbolaren kimu bat landatzeari ekin diote. Lehendakariaz eta Elgoibarko udaleko ordezkariez gain, José Moreno eta Manuel Sagastibeltza gudariek eta Zirardamendin hildako gudari haietako batzuen senideek ere parte hartu dute landaketan. Orobat, Etxeberriak han egon diren bizkaitar herrietako alkateak animatu ditu “igo dezaten eta lagun diezaguten Elgoibarko lurraren, zehazki hamarkadatan soldadu boluntario haiek atsedendu diren lurraren, palakada bana ezartzen”.
•Memoria Historikoa
Iñigo Urkullu lehendakariak itxi du ekitaldia. Gogoratu du, gudari gazte haien sakrifizioak “frankisten konkista gerarazi zuela eta Gernikan lehenengo Eusko Jaurlaritza hura eratzea ahalbidetu zuela”.
Lehendakariak, ekitaldiaz beraz hitz egitean, esan du “ esker on eta ordaintzazko ekitaldi publiko bat” dela. Era berean, iraganera begiratzen duen ekitaldi honek Euskadiko etorkizuneko elkarbizitza eraikitzen duela azpimarratu du.
Ildo horretan, adierazi du “Memoria Historikoaren arloan Eusko Jaurlaritzaren politikaren oinarria Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Zuzenbidearen esparrua dela. Gure jardunbidea Nazio Batuen Erakundearen ebazpenek definitutako lau esparruei atxikitzen zaie, hau da: egia, justizia, ordaintza eta berriro ez dela gertatuko bermatzea”.
Arlo honetan dituen asmoewn berri eman du lehendakariak: “Diktadura frankistak ekarri zuen bidegabekeria historikoa aitortzen duen oroitzapen-politika publiko bat sustatzea, xede izango duena, Diktadura bete-betean zela, duintasuna, askatasuna eta demokrazia defendatzeko borrokatu zirenen balioak eta ahaleginak berreskuratzea eta agerira ekartzea… Politika bat, gure Herrian indarkeria berriro ez gertatzea, ezta sekula ere, bermatuko duen gizarte-pedagogia bat bultzatuko duena”.
Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak “pertsonekin” duen konpromisoa ere nabarmendu du: “konpromisoa bidegabekeriariaren aurka, eta elkartasuna eskubideen urratze larriak jasan dituzten biktimekin; konpromisoa giza duintasunarekin eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearekin; eta konpromisoa, printzipio demokratikoen defentsan eta elkarbizitzarekin”.
Urkulluk, bere hitzaldia bukatzeko, adierazi du Eusko Jaurlaritzak “Memoria Historiaren arloan Lehentasunen Oinarrizko Programa bat aurkeztuko duela”. “Nazioarteko zuzenbidean oinarrituta —esan du— Euskadiko Memoria Historikoaren gaineko jardunbideen mapa definituko dugu”.
ARGAZKIAK:
∞Lotura duten albisteak:
- Aurkeztu dute 36ko gerran Aiastian izandako borroken inguruko liburua (2014-09-17)
- Inauguratu dute 36ko gerran Aiastian izandako guduari buruzko erakusketa (2014-09-04)
- Zirardamendin hildako gudariek eginiko ibilbide bera egin dute senideek, 78 urte geroago (2014-07-14)
- 'Goazen gudari danok...' dokumentala grabatzen izan dira gaur Aiastian (2014-07-10)
- Zirardamendin deshobiratutako bi gudari identifikatu ditu Aranzadik (2014-01-27)
- Pako Etxeberriaren hitzaldiaren bideoa (2013-10-02)
- Zirardamendiko lau gudariak omendu dituzte, 76 urte eta gero (2012-06-18)
- Zirardamendin agertu diren lau gudarien gorpuzkiak hobitik aterako dituzte zapatuan (2012-06-14)
- Ziardamendin orain dela 75 urte hildako gudariak omendu dituzte (2011-09-28)
- 21 izar, gerran fusilatutako elgoibartarren omenez (2010-11-08)
- 1936ko irailaren 21ean Faxistak Elgoibarren sartu zireneko argazkiak (2009-02-24)
- Elgoibar1936 elkarteak txalotu egin du Udalak memoria historikoaren gainean onartutako akordioa (2008-12-02)
- Gerrate Zibilean lurperatutako gorpuak bilatzeko laguntza eskainiko du Udalak (2008-11-27)
- Ikur eta irudi frankistak kentzeko eskatu dio Elgoibar1936 elkarteak Udalari (2008-04-04 elgoiBARREN.net)
- Gerra zibilean fusilatutako miliziano baten hezurrak aurkitu ditu 'elgoibar1936' taldeak (2007-12-19)
- elgoibar1936.com blogean memoria historikoa berreskuratuko dute (2007-11-21 elgoiBARREN.net)