Atxolingo eta Karakateko iturriak zaharberrituko ditu Morkaikok auzolanean

elgoibarren.net 2014ko ira. 24a, 11:10

 
Morkaiko Mendizale Elkarteak interes berezia duten mendi inguruak auzolanean berreskuratzeko proiektua jarri zuen martxan iaz. Sargoateko iturri ingurua berritu zuten lehenik, eta orain, Atxolingo eta Karakateko iturriak auzolanean konpondu nahi dituzte. Urriaren 4an joango dira Atxolinera eta urriaren 11n Karakatera.

 

 Morkaiko mendi taldeak lanerako deia egin du, beste behin ere. Iaz, erantzun zabala izan zuen Sargoateko iturria berritzeko auzolanerako deialdiak, eta aurten Karakaten eta Atxolinen dauden beste bi iturri konpondu eta txukundu nahi ditu Morkaikok herritarren laguntzarekin. Lehen irteera urriaren 4rako antolatu dute Atxolin mendira (864 m.). Han dagoen iturria zaharberritu eta Upaigoitirako bidea txukunduko dute. Interesatuek 8:00etan agertu beharko dute IMHko tenis pistaren ondoan. Hamarretakorik eta giro onik ez dela faltako adierazi dute Morkaikotik.

Karakateko iturria.

Bigarren irteeran Karakateko iturria konponduko dute, urriaren 11n. Morkaiko mendi taldeak jarri zuen Karakateko tontorrerako bidean dagoen iturria 1934an, eta 1942an berriz inauguratu zuten. Irteera honetarako ere 8:00etan jarri dute irteera ordua. Alabaina, eguraldiaren arabera aldaketak egon daitezkeela jakinarazi dute antolatzaileek.
  • Auzonalean parte hartu nahi duten herritarrek honako telefonora deitu beharko dute izena emateko: 636 994 798 (Aitzol). E-postaz ere eman daiteke izena: morkaiko@morkaiko.net, eta baita mendi taldeak Errosario kalean duen egoitzan ere.