Errege Kopan aurrera egin du Concepto Egilek Iruñeko San Juan kanporatuta

elgoibarren.net 2014ko ira. 25a, 11:28

 
Errege Kopako lehen kanporaketa jokatu zuen atzo (irailak 24) Concepto Egile areto futbol taldeak Iruñean, San Juan taldearen aurka, eta garaipena poltsikoratuta itzuli dira Debabarrenako jokalariak. Garaipena bakarrik ez, baita hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela ere, partida bakarrera jokatutako kanporaketa zen-eta.


 Liga txapelketan txapeldunorde izan ostean, Errege Kopa jokatzeko sailkatzea lortu zuen Concepto Egilek aurreko denboraldian, 2013-2014 denboraldian. Lehen kanporaketan Iruñeko San Juan taldearen aurka jokatzea tokatu zitzaion, partida bakarrera eta etxetik kanpo.

Gabi Alijartek sartu zituen Concepto Egileren bi golak.

Iaz ere etxetik kanpo jokatu zuen Conceptok, Zierbenaren aurka, Errege Kopako lehen kanporaketa, eta bizkaitarrek egin zuten aurrera. Aurten ere etxetik kanpo jokatzeak dakartzan zailtasunei aurre egin behar izan dio Conceptok, Iruñeko San Juan Donibane kiroldegia zale nafarrez beteta zegoela jokatu baitzuten atzoko partida. Concepto Egileko jokalariak ez ziren, ordea, erraz kikildu eta lehen zatia amaitzeko bost minutu falta zirenean aurreratu ziren markagailuan, Gabi Alijarte jokalariak sartutako gol bati esker. Bana berdintzea lortu zuten iruñearrek, baina bigarren zatiaren erdialdera gaueko bigarren gola sartu zuen Gabi Alijartek. Garaipenaren gola. Sailkapen historikoa bideratu zuen gola. Izan ere, talde gipuzkoar batek Errege Kopan lehen kanporaketa gainditu duen aurreneko aldia da.

Lehen mailako taldeak hurrengo kanporaketan
 Errege Kopako bigarren kanporaketako norgehiagoken zozketa astelehenean, irailaren 29an, egingo dute. 32 talde daude sailkatuta, tartean Lehen mailako taldeak. Norgehiagoka guztiak partida bakarrera jokatuko dira, maila baxueneko taldearen etxean beti. Gertutasun geografikoa ere kontutan hartuko dute zozketan, eta honenbestez, Xota edo Riberas de Navarra taldeen aurka Olaizaga kiroldegian  jokatzeko aukera handiak dituztela uste du CD Debabarrenako Jose Ramon Iriartek. Urriaren 14an edo 15ean jokatuko dira Errege Kopako bigarren kanporaketako partida guztiak.