San Migel jaiak ospatuko dituzte Aiastian, gaurtik astelehenera bitartean

elgoibarren.net 2014ko ira. 26a, 09:53

Urtea aurrera doa eta uda joatearekin batera auzoetako festak ere azken Ondarrean dira. Aiastiako San Migel festekin esango diegu agur aurtengoz festei. Astelehenean, irailaren 29an, da San Migel Eguna, eta horren harira, festak ospatuko dituzte asteburuan Aiastian. (egitaraua dauka)

 

1706636493655 San Migel jaiak ospatuko dituzte Aiastian, gaurtik astelehenera bitartean

Gazteentzako, umeentzako zein nagusientzako ekintzak antolatu dituzte San Migel jaietako egitarauaren barruan. Gazteen Eguna izango da gaur (irailak 26), eta besteak beste, afaria eta disko festa izango dira Murkaikupe frontoian. Haritz dantza taldeak ere gaur egingo du bere dantzaldia, eta azken urteotan bezalaxe, Borja Uzuriaga auzotarrari eskainiko diote saioa.
 Bihar, Euskal Herriko arraza libreko artzain txakur txapelketa izango da ekintza nagusia. 17:00etatik aurrera artzain eta txakurrak arituko dira lanean, eta tartean, Jose Antonio Arrillaga aiastiarrak ere parte hartuko du. Gauean, Egaña eta Arzallus bertsolariekin egingo dute bertso- afaria.
 Aiastiara korrika igoera jokatuko dute domekan. 12:00etan irtengo dira korrikalariak kalegoen plazatik, eta Murkaikupe frontoirainoko ibilbidea egin beharko dute korrika. Guztira bost bat kilometro dauzka ibilbideak. Interesatuek lasterketa hasi aurretik eman beharko dute izena, kalegoen plazan bertan. Iaz 27 lagunek hartu zuten parte, eta Igon Manzisidor debarra izan zen helmugan azkarrena. Domeka arratsaldean idi-demak izango dira.
 Astelehenean, San Migel Egunean, auzotarren arteko pilota partidak jokatuko dituzte Murkaikupe frontoian.