Bateragune auzikoak aske laga ditzaten exijitzeko manifestaziora deitu dute Elgoibarren

elgoibarren.net 2014ko ira. 27a, 12:01

Bateragune auzian auzipetu eta kartzelatutako bost lagunak aske uzteko eskatzeko manifestaziora deitu du beste behin ere Arnaldo askatu, politika askatu herri ekimenak, kultura, gizarte eta politika arloko dozenaka lagunek babestuta. Babesa agertutakoen izenean, Laura Mintegi EHBILDUko legebiltzarkide izandakoak eta Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak irakurri dute agiria gaur Elgoibarren. Manifestazioa urriaren 11n izango da, 17:00etan.

 

Laura Mintegik eta Txiki Muñozek irakurri dute agiria prentsaurrekoan.

Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez, Miren Zabaleta eta Arnaldo Otegi "Euskal Herriak bizi duen itxaropen eta ilusio egoeraren erantzule" direla esan dute deialdian eta bake, askatasun, berdintasun eta giza eskubideekiko izan duten konpromisoa "zalantzarik gabea" dela aldarrikatu. Horregatik, berehala aske laga ditzaten eskatu dute, haiek libre uzteak "elkarbizitzarako eskenategia" indartzen laguntzen duelakoan. Era berean, arrazoi politikoengatik kartzelan dauden presoentzako "irtenbide integrala" emateko urratsak eskatu dituzte. Ekitaldian gogoan izan dute kartzelan gaixo dagoen Sebas Etxaniz preso elgoibartarra ere.