Arkaitz Egañak irabazi du Gipuzkoako ehiza xehe txapelketa

elgoibarren.net 2014ko ira. 30a, 10:23

 
Gipuzkoako ehiza xehe txapelketa jokatu zuten joan den domekan Zanbranako El Castillo ehiza barrutian, Araban. Probintziako 26 ehiztaririk onenek hartu zuten parte senior mailan, eta La Union elkarteko Arkaitz Egañak lortu zuen puntuaziorik handiena, zortzi eper botata. Ixone Juaristik, berriz, hirugarren egin zuen emakumezkoetan.

 
 

1706636490796 Arkaitz Egañak irabazi du Gipuzkoako ehiza xehe txapelketa

Debabarreneko ehiza xehe txapelketa irabazi ostean, Gipuzkoako txapelketa irabazteko faborito nagusienetarikoa zen Arkaitz Egaña eta, beste behin ere, erregulartasun handiko ehiztaria dela erakutsi zuen. Azken urteetan ez da podiumetik jaitsi Gipuzkoako txapelketan: 2011n hirugarren egin zuen, txapeldun izan zen 2012an eta txapeldunorde iaz.
Aurtengo txapelketan zortzi eper bota zituen Egañak, bigarren postuan sailkatu zen Iñigo Gisasola eibartarrak baino hiru eper gehiago. Andoiango Ontza ehiza elkarteko Francisco Llamas, -2011ko txapelduna- sailkatu zen hirugarren postuan. Lau eper bota zituen honek. Arkaitz Egañaz gainera, Iraitz Txurruka elgoibartarrak ere parte hartu zuen proban eta 13. postuan sailkatu zen.
Emakumezkoetan Ixone Juaristi ehiztari elgoibartarra hirugarren postuan sailkatu zen, eper bat botata. Mari Jose Carretero izan zen onena emakumezkoetan. Eper bat eta bi faisai bota zituen. Juniorretan eta beteranoetan ere hartu zuten parte La Unioneko ordezkariek. Gaztetxoen artean 8. postua eskuratu zuen Ivan Rogelek, eta 5. postuan sailkatu zen Jose Mari Egaña beteranoetan.
Euskadiko txapelketa azaroan
Azaroaren 2an Euskadiko ehiza xehe txapelketan parte hartuko du Arkaitz Egañak, Santa Cruz del Fierron (Araba). Iaz txapeldunorde izan zen Egaña, eta 2011n Euskadiko txapeldun.