Zaragozako D-Link Lehen Mailako taldearen aurka jokatuko du Conceptok Errege Kopan, Olaizagan

elgoibarren.net 2014ko urr. 3a, 14:47

Urriaren 14an goi mailako areto futbola ikusteko aukera izango dute Olaizaga kiroldegira hurbiltzen direnek. Munduko ligarik onenean diharduen D-Link Zaragoza areto futbol taldearen aurka jokatuko du etxeko taldeak, Concepto Egilek, Errege Kopako final-hamaseirenetako kanporaketa. Partida bakarrera jokatuko dute kanporaketa. Internazionalak diren hainbat jokalari ditu Zaragozako taldeak eta iaz finalerdietaraino iritsi ziren Errege Kopan.



 Errege Kopako lehen kanporaketa gainditu ostean, -Iruñeko San Juan kanporatu zuten-, Debabarrenako Concepto Egile areto futbol taldeak final-hamaseirenetako kanporaketa jokatuko du Zaragozako D-Link taldearen aurka. Partida bakarrera jokatuko da kanporaketa, Elgoibarko Olaizaga kiroldegian, urriaren 14an, (20:30).
  Joan den astelehenean egin zuten final-hamaseirenetako zozketa, eta talde mañoaren aurka jokatzea tokatu zitzaion Conceptori. Espainiako Lehen Mailan jokatzen du Zaragozako taldeak, munduko ligarik onenean, alegia. Une honetan 11. postuan sailkatuta daude, baina goiko postuetan egoteko asmoarekin osatu dute aurten taldea, iaz mailari eusteko larritasunak pasa eta gero.
Puntako jokalariak
  Goi mailako jokalariak ditu D-Link Zaragozak. Denboraldi honetarako egin dituzten fitxaketen artean, Nano Modrego nabarmendu behar da. Zaragozan sortutako jokalaria, Ribera de Navarra eta Inter Movistar taldeetan aritu ostean, hirugarrengoz itzuli da etxeko taldera. Iaz, gainera, Liga txapelketa irabazi zuen Inter Movistarrekin. Caio Alves brasildarra ere fitxatu dute aurten, Real Madril futbol taldeko Marcelo jokalariaren koinatua, hain zuzen ere.
Konplexurik gabe
  Aurrez aurre maila handiko taldea eta jokalariak izango dituzten arren, Concepto Egileko jokalariak konplexurik gabe aterako direla lehiatzera adierazi dute Debabarrenako arduradunek. Partida bakarrera jokatzen den kanporaketa izanik, edozer gerta daitekeela nabarmendu dute, eta zaleei dei egin diete animatzera joateko. Giro epela eta zaletu ugari espero dituzte Olaizagako harmailetan. Izan ere, gogora earri dute beti ez dela izaten Lehen Mailako talde baten aurka partida ofizial bat jokatzeko aukerarik. Horrelako partida bat jokatzeko aukera izatea “sari bat” moduan hartu behar dela uste dute klubeko arduradunek.
Zaragozako taldeak, berriz, lezioa ondo ikasita etorriko dela adierazi du taldek daukan webgunean. Iaz, maila oso ona eman zuten Errege Kopan, eta finalerdietaraino iristea lortu zuten -Bartzelonak kanporatu zituen-, alabaina, maila baxuagoko taldeen aurka jokatu zituzten aurreneko kanporaketetan nahiko larri ibili ziren. Aurten, hortaz, ez dute ezustekorik nahi. Urriaren 14an ikusiko da nor den nagusi "David eta Goliaten" arteko lehian.