Abian da Gotzon Garate bekaren bigarren deialdia

elgoibarren.net 2014ko urr. 6a, 12:33

 
Elgoibarko Udalak Gotzon Garate izeneko beka sortu zuen 2009an, euskara arloko ikerketa sustatu, eta aldi berean, idazle eta euskaralari elgoibartarra omentzeko asmotan. Beka horren lehenengo deialdian ikerketa gaia Elgoibarko Toponimia izan zen. Oraingo honetan, berriz, bekaren helburua Elgoibarko euskarazko ondarea gizarteratzeko egitasmoak edota euskarriak proposatzea izango da.



 Elgoibarko Udalak, Gotzon Garate Bekaren bigarren deialdia arautuko duten oinarriak onartu ditu, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira 2014ko urriaren 6an. Oinarri horien arabera, bekaren gehienezko iraupena 14 hilabetekoa izango da, eta zenbatekoa, berriz, 12.000 eurokoa. Ikerketa lana euskaraz egingo da, eta originala eta argitaratu gabea izan beharko da. Lana Udalaren Euskara-Kultura Batzordearen ardurapean burutuko da.

Azaroaren 25era arteko epea
 Beka norbanakoek zein lantaldeek eskatu ahal izango dute. Lantaldeen kasuan, Udalaren aurrean ordezkari izango den zuzendari arduraduna izendatu beharko da. Eskatzaileak erdi edo goi mailako unibertsitate titulua izan behar du, eta gainera, EGA edo agiri baliokideren bat. Bekarako proposamenak 2014ko azaroaren 25era arte aurkeztu ahalko dira. Gai honi buruzko informazioa nahi dutenek Elgoibarko Udalaren Euskara Sailera (943 744 366, euskara@elgoibar.net) jo dezakete.

Eskabideak eta gainontzeko agiriak honako helbide honetara bidaliko dira:
  • ELGOIBARKO UDALA  - Euskara Saila, Kalebarren plaza 3, 1. ezk. 20870 Elgoibar - Arreta bulegoa, Santa Ana kalea 2. 20870 Elgoibar
  • Erreferentzia: “Gotzon Garate Beka II.deialdia”