Arratiako raida jokatu zuten zapatuan, Euskal Herria Columbia Raid Series ligako proba puntuagarria. Zazpi probek osatzen dute liga eta bi baino ez dira geratzen amaitzeko: Esteribarrekoa -irailean jokatzekoa zen arren, azarora atzeratu zuten- eta CDN raida. Arratiako raidean 54 taldek hartu zuten parte, tartean Elgoibartik eta Mendarotik joandako taldeak. Imanol Garaizabal elgoibartarrak Aaron Garmendia lagun hartuta hartu zuen parte proban, eta lehen postuan sailkatzea lortu zuten Ambotoko taldearekin lehia estuan aritu baziren ere.
Bikote bakoitzak BTT, antxitxika eta orientazio probak egin behar izan zituen eta kayak proba ere eduki zuen Arratiako raidak. Legutioko urtegian aritu ziren kayakekin. Ibilbide guztia “paraje ikusgarrietatik” igarotzen zela nabarmendu du Garaizabalek. Bere esanetan, “toki mundialak” ikusteko ez dago urrunera joan beharrik.