Fermin Muguruza, Ruper Ordorika edota El Drogas abeslariez gain, pilotari, bertsolari eta futbolariak ere ageri dira kantuan, eta horien artean Markel Bergara Realeko futbolari elgoibartarra ere bai. Proiektua auzo lanean eraiki da; Ene kantak ekimeneko kideak musu truk aritu dira lanean, pertsona ezagunek modu berean abestu dute, eta 689 lagunek 18.467 euro jarri dituzte, egitasmoa finantzatzeko crowdfunding bitartez. Joan den urriaren 6an jarri zuten salgai CD-DVDa, eta eskuragarri dago www.enekantak.com webgunean.
CD- DVD-aren etekinen erdia Euskalerria Irratiarentzat izango da eta beste erdia Ene kantak-en hurrengo proiektua finantzatzeko erabiliko dute.
Euskalerria irratia Iruñerriko irrati euskaldun eta independentea da, Iruñerrian fisikoki sakabanaturik bizi diren 30.000-35.000 euskaldunentzat kohesiorako tresna garrantzitsua. 26 urte daramatza dialean lizentziarik gabe, Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatu diolako. Proiektu berriak gauzatu ahal izateko, finantzaketa behar du.