Babes handia jaso du Bateragune auzia salatzeko biharko antolatutako manifestazioak

elgoibarren.net 2014ko urr. 10a, 08:42

 
Arnaldo askatu, politika askatu herri-ekimenak manifestaziora deitu du biharko (17:00), Bateragune auzian auzipetu eta kartzelatutako bost lagunak aske lagatzeko exijitzeko, eta deialdiak kultura, gizarte eta politika arloko dozenaka lagunen babesa jaso du, bai Elgoibarren eta baita Elgoibartik kanpora ere. Azkena, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak eta Iñigo Iruin abokatuak elkarrekin idatzi duten iritzi artikulua, Bateragune auzikoei babesa adieraziz.


 Bateragune auzian preso dituzten Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez, Miren Zabaleta eta Arnaldo Otegi “Euskal Herriak bizi duen itxaropen eta ilusio egoeraren erantzule” direla aldarrikatu dute Arnaldo askatu, politika askatu plataformakoek eta biharko (urriak 11) manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Babes handia jaso du manifestazioak. Arnaldotegi.com webgunean ikus daitezke atxikimendu guztiak.
Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Iruinen babesa
  Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Iruin izan dira babesa eskaintzen azkenetarikoak. Lehendakari ohiak eta abokatuak idatzitako iritzi artikulua gaur argitaratu dute hainbat komunikabideetan eta zeresana ematen ari da. Arnaldo Otegik eta gainerako lau auzipetuek “egindako lan politikoa” nabarmendu dute artikuluan (Bateragune auziaz, aho batez berria.eus)

  Era berean, manifestazioari babesa eskaini dioten azkenak izan dira Greziako Syriza alderdiko parlamentariak, Galiziako BNG alderdia, Euskadiko CCOO sindikatua, ANOVA alderdiko Xose Manuel Beiras, Andoni Egaña bertsolaria, e.a.
Manifestazioan antolakuntza-lanetan parte hartuko duten boluntarioei 15:00etarako plazara agertzeko eskatu diete.

  Biharkoaren harira, Patxi Zabaleta Aralar-eko ordezkariarekin eta Bateragune auzian kartzelatutako Miren Zabaletaren aitarekin (Leitza, 1947) izan da BARREN. Irakurri elkarrizketa: BARREN 923. Zenb. 2014-10-10 PDF