Arnaldo askatu, politika askatu herri-ekimenak antolatutako manifestazioak oihartzun zabala izan du eta Euskal Herriko eta nazioarteko berrehundik gora eragilek babestu dute gaur arratsaldean Elgoibarren egin duten martxa.
Bateragune auzian zigortutako bost lagunen senideek gidatu dute manifestazioa 5ak askatu! lelodun pankartaren atzean. Haien atzetik beste pankarta bat, ordezkaritza politiko zabaleko ordezkariek eutsia, Euskal Herriak hartu hitza eta erabakia leloarekin, eta atzetik jende andana. Kalegoen plazatik irten dira eta ordubetez herriko kaleak eta 634 errepideko zati handi bat gurutzatu ostean, hasitako lekuan amaitu dute manifestazioa.
Plazan, Arnaldo askatu, politika askatu ekimenekoen manifestua irakurri du Ainhoa Aznarez PSNko kideak, euskaraz. Lois Perez Leirak, berriz, erderaz irakurri du. Perez Leirak gainera, Adolfo Perez Esquivel bakearen nobel saridunak bidalitako mezua irakurri du.
Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariak izan dira gaur Elgoibarren: Pernando Barrena eta Hasier Arraiz (Sortu), Pello Urizar (EA), Patxi Zabaleta (Aralar), Mertxe Colina (Abertzaleen Batasuna), Ainhoa Aznarez (PSN), Gemma Zabaleta (PSE), David Fernandez (CUP), Joan Tarda (ERC), Jose Luis Uriz (PSC), Javier Madrazo (EBko koordinatzaile eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia), Jesus Uzkudun (CCOO)... Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak (EAJ) eta hainbat zinegotzik ere parte hartu dute martxan.
Etzi bost urte beteko dira Espainiako Poliziak auziaren jatorrian dagoen operazioa burutu zuenetik. Zazpi pertsona auzipetu zituzten, baina, azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bost zigortu zituen: Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez. Auzitegi Gorenak zigorra berretsi zuen gerora, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zituen zigortuek jarritako babes helegiteak.
Otegi eta Diezi sei urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri die Espainiako Justiziak, eta sei urteko espetxealdia eta zortzi urteko inhabilitazioa Zabaleta, Jacinto eta Rodriguezi. (iturria: berria.eus)
ARGAZKIAK: