Fiskalak kartzela zigorra eskatu du Aitzol Etxabururentzat, PSE-EEren egoitzaren aurkako erasoagatik

elgoibarren.net 2014ko urr. 14a, 12:16

 
Aitzol Etxaburu Artetxe ondarrutarra epaitu zuten atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean, ETArekiko lotura eta atentatu batzuk burutu izana egotzita, horien artean 2008an PSEE-EEren Elgoibarko Herriko Etxearen aurkako bonba erasoan parte hartu izana leporatu dio fiskaltzak. Hiru urteko kartzela zigorra eskaria egiteaz gain, 86.000 euroko isuna ere ezarri nahi diote.



 Polizia frantsesak 2009an atxilotu zuen Aitzol Etxaburu Villaremberteko eski-estazioan, Alpeetan, Andoni Sarasola eta Alberto Matxainekin batera. Gero, 2014ko urtarrilean, zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Parisko epaitegiak, “lehergailuak egin eta ETA erakundeak Frantziako hegoaldean zituen zuloen kudeaketaz arduratzea" leporatuta. Harrezkero, Fleury Merogis-eko (Frantzia) kartzelan preso dago Etxaburu.
 Joan den irailaren 3an, baina, Frantziatik Espainiara ekarri zuten ETAko kidea, Auzitegi Nazionalak hala eskatuta. Atzo epaitu zuten Madrilen, desmasia terrorista delitua egotzita. Elgoibarko sozialistek Urazandi auzoan duten Herriko Etxearen aurkako bonba erasoan parte hartu izana egozten dio Auzitegi Nazionaleko 3 zenbakiko instrukzio epaitegiak. PSE-EEren Elgoibarko Herriko Etxean bonba bat jarri eta sozialisten egoitza txikitu zuen ETAk, 2008ko apirilaren 20an. Ez zen inor zauritu, baina kalte material handiak eragin zituen lehergailuak egoitzan bertan, eta baita inguruko etxebizitza eta ibilgailuetan ere. Aitzol Etxaburuk ez zuela eraso horretan parte hartu adierazi zuen atzo Madrilen, epailearen aurrean. Ibon Iparragirrek ere deklaratu zuen epaiketan. Hiru urteko espetxe zigorra betetzen ari da Iparragirre Elgoibarko atentatuan parte hartu izana leporatuta. Etxaburu eta biek atentatuan parte hartu zutela onartu zuen Iparagirrek Ertzaintzaren aurrean, baina torturapean egindako aitorpena izan zela salatu zuen atzoko adierazpenean.