Olaizaga kiroldegira hurbildu ziren zaleek goi mailako areto futbol partida ikusteko aukera izan zuten atzo. Gau historikoa zen, Gipuzkoako talde batek Errege Kopako final-hamaseirenetako kanporaketa bat jokatzen zuen aurreneko aldia baitzen, eta gutxi falta izan zitzaion gau magikoa izateko, kanporaketa gainditzeko aukerak izan zituen-eta etxeko taldeak.
Kementsu eta aurkaria presionatuz hasi zuten partida bi taldeek, eta jokoan apenas igartzen zen bi maila ezberdinetan jokatzen duten taldeak direnek. Are gutxiago lehen zatia amaitzeko zazpi minuturen faltan Rafak falta jaurtiketaz etxekoen lehen gola sartu zuenean. Emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, baina, markagailua irauli zuten mañoek bi minutu eskasetan, Alex Verdejok eta Carlos Retamarrek sartutako golei esker. Zaragozakoen golak bata bestearen atzetik errenkadan etorriko zirela zirudien une horretan, etxeko jokalariak ez baitziren gai baloia atezainaren inguruetatik ateratzeko. Zaragozakoen joko uholdea geratze aldera, hutsartea eskatu zuen Jota Arregi Concepto Egileko entrenatzaileak, eta bete-betean asmatu zuen. Jokalariei kontzentrazio handiagoarekin jokatu behar zutela eskatu zien, kiroldegi guztian entzuteko moduan. Eraginkorra izan zen entrenatzailearen errieta. Aldea handitzeko zenbait aukera argi izan zituzten Zaragozakoek, baina ez zuten partida ixten asmatu. Conceptok konfiantza berreskuratu eta partidaren agintea hartu zuen orduan. Zaleak piztu zituen etxekoen grinak eta bata bestearen atzetik iritsi ziren gol aukerak. Partida amaitzeko 26 segundoren faltan iritsi zen berdinketaren gola. Atezainik gabe, hil ala bizi, bost jokalarirekin ari zen Concepto eta gola sartu zuen Trevik. Binako emaitzarekin amaitu zen arauzko denbora eta luzapena jokatu zuten, bost minutuko bi zati.
Etxeko taldea hobeto aritu zen luzapeneko lehen zatian, eta Oscarrek sartu zuen hirugarren gola kontraeraso bizkor baten ostean. Markagailuan aurretik jartzeak eromena ekarri zuen harmailetara. “Ahal da, ahal da..” oihukatzen zuten zaleek. Conceptok eskura zuen Lehen Mailako taldea kanporatzea.
Markagailuan aurretik zirela hasi zuten etxekoek luzapeneko bigarren zatia eta jokoan ere nagusi ziren. Zaragozako taldeak, baina, azken hitza zuen esateko. Atezain-jokalariarekin atera ziren luzapeneko bigarren zatian eta goi mailako taldea direla erakutsi zuten. Etxekoek ezin zuten apenas atezainaren ingurutik aldendu eta partida amaitzeko bi minuturen faltan ailegatu zen Zaragozakoen berdinketa. Richi Felipek sartu zuen gola. Handik minutu batera sartu zuen laugarrena Nano Modregok. Etxeko jokalariak ahituta zeuden egindako ahaleginaren ostean. Azken segundoetan sartu zuen Carlos Retamarrek Zaragozakoen bosgarren gola. Harmailetan zeuden zaletu guztiak altxarazi zituen Zaragozakoen bosgarren golak, ez gola ospatzeko, noski, etxeko jokalariek eginiko ahalegina eskertzeko baizik.
•ARGAZKIAK: