Munlet taldeak EP4 disko berria sarean jarri du eskuragarri

elgoibarren.net 2014ko urr. 15a, 16:42

 
Munlet mendaroko bikoteak disko berria kaleratu du, EP4 izenekoa, eta euren webgunetik dohainik deskargatzeko moduan jarri dute. Fisikoki ere eskuratu daiteke diskoa, mini-cd formatuan ere atera baitute.


 Lau abesti berri eta The Pixies talde estatubatuarraren Isla de Encanta abestiaren bertsio bat jaso dituzte EP4 diskoan Ina Her Professor eta Lady Fingers bikoteak. Atzo, urriak 14, aurkeztu zuten disko berria. Formato digitalean atera dute, eta nahi duenak ondorengo webgunean entzun eta deskarga dezake diskoa munlet.bandcamp.com

  Horrez gain, eskuz ekoiztu duen mini-cd bat ere argitaratu du Munletek, sorpresa batekin. Tirada mugatua egin dute, eta 50 ale argitaratu dituzte soilik. Jakinarazi dutenez, formatu fisiko hori ekoizteak atzeratu egin du diskoaren kaleratzea. "Lan handia hartu dugu, pertsonalizatutako diseinuak direlako, baina merezi izan du, horrelako detaileak garrantzitsuak dira-eta guretzat". Era berean, datozen hilabeteetan disko berriak kaleratzeko asmoa dutela aurreratu dute. "Ondo bidean, 2015. urte hasieran kaleratuko dugu EP berri bat eta geroxeago beste bat".

1706636433008 Munlet taldeak EP4 disko berria sarean jarri du eskuragarri

Diskoa aurkezteko kontzertuak

EP4 disko berria aurkezteko bi kontzertu aurreikusi dituzte: Urriaren 24an Gasteizko Ibu Hots aretoan (20:00), eta azaroaren 28an, berriz, Bilboko Azkena aretoan izango da kontzertua (21:00). Kontzertuetarako sarrerak hemen eskuratu daitezke.