•Erromatar Inperioa
Erromatar Inperioa K.a. 27. urtean ezarri zuten, eta mende bat geroago ia Europa osoa eta Afrikaren iparraldea erromatarren mende zegoen. Horrek sakoneko aldaketak ekarri zituen menderatutako herrietara. Ohiturak, antolaketa politikoa eta administratiboa, gizartea, ekonomia, erlijioa ... dena aldatu zen.
Gure lurraldera K.a. II. mendean iritsi ziren erromatarrak (Ebro ibaian gora eta Akitaniako lur zabaletan barrena), eta hilobi bateko inskripzio bati esker dakigu baskoien eta barduliarren hogeita lau hiriren errolda osatu zutela. Balio izugarria duen lekukotza da (zaharrenetarikoa ere bada), orduko herrien arrastoan jartzen gaituelako, baina, zoritxarrez, ez zuten gure herrietan hitz egiten zen hizkuntzaren gaineko aipamenik jaso. Beraz, ezer gutxi dakigu garai hartako euskararen gainean; baina apur hori asko da.
Badirudi erromatarren eta gure herrien arteko harremana nahiko baketsua izan zela, nahiz eta batzuetan erromatarren arteko barne-borroketan murgildu ziren euskaldunak. Elena Torregarai Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak bideoan dioenez, erromatarrek traba handirik gabe ezarri zituzten administrazioa, merkataritza eta sistema militarra menderatutako eremuetan. Menderatu ondoren, gainera, integrazio-prozesua eskaintzen zieten mendean geratu ziren herri eta herritarrei. Euskaldunek ere onartu egin zuten integrazio-prozesua, Elenaren esanetan.
Garai hartako euskal herriak
Erromatarrek zer lurralde-antolamendurekin egin zuten topo gurera iritsi zirenean? Bideoan esaten zaigunez, hainbat herrirekin egin zuten topo. Karistiarrak, Bizkaian eta Araban; autrigoiak, Bizkaiko mendebaldean; barduliarrak, gaur egungo Gipuzkoan eta Arabako zati batean; baskoiak, Nafarroan nagusiki, baina baita Errioxako eta Aragoiko toki batzuetan ere; eta, azkenik, akitaniarrak, Pirinioen ipar aldean, eta Garona ibairaino, gutxienez.
Elenaren ustez, garapen ezberdineko herriak ziren. Baskoiak izan ziren erromatarrek ondoen ezagutu zituztenak, eta haien berri eman ziguten, batez ere. Oro har, hainbat herri ezberdin topatu zituztela dio Elenak, eta ez zegoen batasunik euren artean.
•Hiriak eta galtzadak
Hiriek eta bideek aparteko garrantzia izan zuten Erromatar Inperioan, eta lekuko ezin hobeak dira garai hura ikertu eta hobeto ulertzeko. Mertxe Urteaga Oiasso Erromatar Museoko zuzendariaren ustez, lurralde bat menderatu ondoren, erromatarrek hiriak sortzen zituzten beren eredua zabaltzeko, eta gurean horren adibide garbia dugu Oiasso edo Irun, erromatar hiri baten ezaugarri guztiekin: gune urbanoa, errepidea, portua, erakundeak ... Garai hartakoak dira, baita ere, Andelos, Veleia, Cascante edo Arakil, baina guztien gainetik Pompaelo edo Iruñea daukagu. Pompaelo hiri sinbolikoa da erromatarrentzat. Inperioaren mendebaldeko muga markatzen du, eta ez dago alferrik Pirinioen magalean.
Baina hiriak ez zeuden solte, eta, haien arteko lotura egiteko, ordura arteko galtzada-sare handiena saretu zuten Europako punta batetik bestera. Galtzada-sareak bi helburu zituen: ekonomia saretzea, eta lurraldea kontrolatzea. Gurean, bi galtzada nagusik bitan banatu zuten lurraldea: Astorgatik Bordelera zihoana da bata, eta Tarragonatik Oiassora zihoana, bestea. Baina bi horiekin batera, bazen Via Maris izeneko itsasorako bidea, Castro eta Baiona lotzen zituena (Bermeo, Lekeitio, Zarautz, Oiasso eta Getaria bietatik pasatzen zena).
Baina erromatarrei mendialdea ere interesatu zitzaien, eta hamaika meategi eta harrobi ustiatu zituzten: burdina, Bizkaiko meategietan; urrea, Itsasun; marmol gorria, Gereñon; baina, garrantzitsuena, Aiako Harriko meategigunea izan zen (Arditurriko meategia). Urteagaren esanetan, Arditurriko meategia orduko historia ulertzeko erreferentzia nagusia da; erromatarrak zertarako etorri ziren eta lurraldea nola antolatu zuten ulertzeko toki paregabea.
•Zergatik baskoiak?
Aurretik esan dugun moduan, orduko kronistak ez ziren arduratu kolonizatzen zituzten lurraldeetako mintzairak jasotzeaz. Beraz, gaurko adituengana jo behar dugu herrietako mintzairen berri jasotzeko. Joaquin Gorrotxategik bideoan dioenez, ezer gutxi dakigu orduko euskaraz. Herrien izenak ezagutzen ditugu, baina bertan hitz egiten ziren hizkuntzen gainean oso gauza gutxi dakigu. Bertako jendeak ia ezer ez zigulako utzi, batetik, eta erromatarrek oso gutxi kontatu zigutelako hizkuntzei buruz, bestetik.
Baina gauza batzuk badakizkigu, eta badakigu, adibidez, lurralde bat = hizkuntza bat binomioa ez zela beti gertatzen. Baskoien lurraldean, adibidez, hiru hizkuntza zeuden: euskara, zelta eta iberiera. Hori hala bazen, zergatik dira baskoiak? Arrazoi linguistikoak ala kulturalak daude izen horren atzean? Ez dakigu, baina bada teoria bat vascon, vasco eta euskara hitzek erro bera dutela dioena (-sk-), eta teoria horri kasu egiten badiogu, hirurak euskarari lotuta egon daitezke.
Euskararen lekukoak, zenbat eta ekialderago orduan eta argiagoak dira, Gorrotxategiren esanetan. Mendebaldean, berriz, urriagoak eta ilunagoak dira. Beraz, ba al dakigu non zeuden garai hartako euskararen mugak? Gorrotxategik ez du uste muga zehatzik zegoenik, baina euskararen lurraldea aski zabala zela esaten digu, eta nolabaiteko mugak ere jartzen dizkigu: bere ustez, euskararen eremua Garona ibaitik hasi, ekialdean, eta itsasoraino zihoan. Hegoaldean, berriz, dokumentuak badaude baskoien lurraldean, eta baita Lergan ere, eta Zaragoza eta Huesca aldean ere bai. Mendebaldean, berriz, Lirrazaldean daude jainko-izenak.
Pirinioetatik alde egiten badugu, ilunagoa da dena. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, adibidez, oso gutxi daukagu. Eta gezurra badirudi ere, euskal izen gehienak Pirinio erdialdeko haranean dagoen herri batean (Saint-Bertrand de Comminges) azaldu dira, gaur egungo Euskal Herritik urrun. Eta Soriako Cidacos ibaiaren iturburuan ere, harrietan zizelkatuta, euskaraz bakarrik azal daitezkeen pertsona-izenak daude. Sesenco edo Onse izenek euskarara garamatzate, hizkuntzalarien ustez. Edo Lergako hilarri batean umme sahar azaltzen zaigu, eta hori ere euskara da, argi eta garbi.
•Latina, Inperioko hizkuntza
Inperioaren mende jarri ziren lurralde guztietan egin zioten tokia latinari, ezinbesteko zerga balitz bezala. Garai hartako hizkuntza batzuk betiko desagertu ziren, eta horrek erakusten digu, hizkuntzari dagokionez, erromatarren eta tokian tokiko herritarren arteko harremanak ez zirela berdinen artekoak. Torregarairen esanetan, K.o. I. mendean Valerio Maximo enperadoreak esan zuen latinak izan behar zuela Inperioko hizkuntza. Haientzat, neurri batean, naturala zen hori: beraiek ziren nagusiak, eta, haiekin hitz egiteko, latina erabili behar zen, kasu egitea nahi bazen. Horrek desoreka sortu zion euskarari, eta goi-mailako hizkuntza-funtzioak latinak bete zituen. Gainera, desoreka ez zen hizkuntza-harremanetan bakarrik gertatu; hizkuntzaren muineraino ere zabaldu zen. Gorrotxategiren esanetan, hizkuntzaren eremu guztietara zabaldu zen latinaren eragina. Nabariena lexikoan da, hitzetan, baina, haren ustez, gramatikan eta ahoskeran ere handia izango zen eragina, hori ziurtatzea zailagoa bada ere. Hona hemen latinetik datozen euskal hitz batzuk: baba, leka, piku, olio, tipula, golde, ortu, dolare ... Atal hau amaitzeko, hirietan batez ere latinez mintzatzen zirela pentsatu beharko dugu.
•25 urteko soldaduska!
Gainerako herriek bezala, euskaldunek ere jardun zuten armadan, lurrak zaintzen edo bereganatzen erromatarrentzat. Barduliarrek osatutako kohorte bat, adibidez, Germanian borrokatu eta gero, Ingalaterrara joan zen, eta, kohorte horren oroimenez, Ingalaterrako Colchester herrian jai bat ospatzen da urtero, bideoan ikusten den moduan. Barduliarren kohortearen gainean informazio gutxi dago, baina badakigu Erromako armadan, aginduak emateko eta betetzeko, batez ere, latina erabiltzen zela. Hala ere, barduliarrak, beraien artean, euskaraz egingo zutela uste da.
Hiritartasuna lortzeko modu bat zen armadan parte hartzea, eta 25 urte eman behar zituzten bertan. Izan ere, hiritartasuna ez zen eskubide bat, pribilegioa baizik. Hiritartasuna lortzerakoan eskuratzen ziren, adibidez, ezkontzeko, bozkatzeko edo merkataritzan jarduteko eskubideak.
•Erromatartuta, lurralde txikiago batean... baina bizirik!
III. mendean hasi zen Erroma ahultzen, Inperioa arrakalatzen, Europa osoan zabaldu ziren herri-mugimenduen ondorioz. Baina ordurako 500 urteko harremana izan zen euskaldunen eta erromatarren artean, eta euskara jendea erromatarturik zegoen. Beraz, ez da egia euskaldunak isolaturik eta konkistatu gabe egon zirenik. Ideia hori faltsua da, mito bat, erromatarrek eurek asmatutakoa, hein handi batean. Izan ere, Inperioaren menpeko eremuan identitate bakarra zegoen, erromatarra, baina errealitate poetiko bat ere osatzen zuten idazle edo geografo erromatarrek herriak ezagutzerakoan, eta gerora, errealitateak eta errealitate poetikoak ez zuten bat egiten. Gure kasuan, batzuetan bazirudien bi baskoi mota zeudela: botere erromatarra onartu zutenak eta isolatuak bizi zirenak.
Beraz, bizimodua, hein handi batean, erromatarren erakoa zen, baina erromatartze kulturalak ez zuen hizkuntza erromatartzea ekarri. Euskararen herriak ez ziren guztiz latinizatu. Gorrotxategiren ustez, Inperioaren garaian euskaraz egiten zutenen eta euskaldun elebakarren kopurua jaitsiz joango zen, baina tendentzia hori eten egingo zen momentu batean Inperioa erori zenean. Euskarak ordurako ez zuen latinaren presioa lepo atzean sentituko, eta arnasaldi bat hartzen hasiko zen. Hori VI. eta VII. mendeetan izango zen, batez ere.
Erromatar Inperioa erori zenean baskoiak azaldu ziren berriz ere agerira, baina dagoeneko ez ziren K.a. mendeetako baskoiak; haien izaera bestelakoa zen. Erromatarturik zeuden. Gainera, euskararen lurraldea ere askoz txikiagoa zen. Hala ere, herriaren izena eta hizkuntza gordetzen jakin zuten, eta Europan izan den inperiorik handienak sortutako zibilizazioaren ondorioz hizkuntza ugari desagertu bazen ere, tartean euskararen auzo-erdarak (iberiera, galiera edo penintsulako zelta hizkuntzak), euskarak eta euskaldunek bizirik iraun zuten.
Datorren astean Erdi Aroan murgilduko gara, eta hizkuntza- eta kultura-aniztasuna dugu garai hartako ezaugarri garrantzitsuena. Gurean euskara zen nagusi, eta haren inguruan hamaika hizkuntza eta kultura ikusiko ditugu.