Beroari eta malda gogorrei aurre egin zieten BTT martxan parte hartu zuten 373 lagunek

elgoibarren.net 2014ko urr. 20a, 18:31

Mendi bizikleta zaleek aparteko egunaz gozatu ahal izan zuten atzo Elgoibarren. 373 lagun elkartu ziren goizean goiz Mintxeta Kirolgunean, Debabarreneko BTT Martxaren seigarren edizioan parte hartzeko asmoarekin. Horien artean 45 elgoibartar zeuden eta sei emakumezko baino ez {hiru eskualdekoak: bi elgoibartarrak eta bat Mallabikoa}. Jan-edanik ez zen falta izan, beroari eta malda gogorrei aurre egin ahal izateko, eta proba amaitutakoan 40 oparitik gora zozkatu zituzten parte-hartzaile guztien artean. (argazkiak dauzka)



  Jatorriari dagokionez, parte-hartzaile gehientsuenak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak izan ziren, horietako asko eskualdekoak, baina beste leku askotatik ere iritsi ziren parte-hartzaileak: Burgos (3), Asturias (2), Huesca (1), Leon (1), Errioxa (1), Tarragona (1) eta Zamora (1). Frantziatik ere, Essonne departamentutik, bizikleta zale bat etorri zen.
Sorpresatxoa amaiera aldera
  Goizeko 9:00etan eman zitzaion hasiera probari. Parte-hartzaileek bi ibilbide zituzten aukeran, bata 25 kilometrokoa eta bestea 45 kilometrokoa, Karakate mendia igaroz biak. Ibilbidea urte batetik bestera zertxobait aldatzen da eta aurten bizikleta zaleek sorpresatxoa zuten amaiera aldera, Karakatetik Mintxetara jaitsiera tekniko zail samarra baina ederra, pagadi artean, gozatzeko modukoa. Ibilbidea lehor eta lokatzik gabe aurkitu zuten parte-hartzaileek eta goiza aparteko gertakari aipagarririk gabe igaro zen, erorketarik ez, baina gurpilen bat edo beste zulatu zen.
50 boluntario baino gehiagoren laguntza
 Antolatzaileek, Debegesa garapen agentziak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, bizikleta zaleen parte-hartzea eskertzeaz gainera, boluntarioen lan ikaragarria txalotu nahi dute. Urtez urte, 50 inguru boluntario izaten dira lanean Debabarreneko BTT Martxa arrakastatsua izan dadin eta horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiete: Elgoibarko Atletismo Kluba, Kisale, Bikeibar, Ameikutz, Debemen, eta beste hainbat lagun eta bizikleta zale.
ARGAZKIAK: