Eskumuturreko eta xingola arrosak bularreko minbiziaren aurkako egunean

elgoibarren.net 2014ko urr. 20a, 18:57

 
Bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko eguna izan zen atzo, urriak 19, eta horren harira hainbat jarduera eta keinu egin zituzten han eta hemen. Mendaron ere egin zuten bat nazioarteko egunarekin. Martitzenean hasi ziren herriko zenbait ume arrosa koloreko eskumuturrekoak egiten, eta mordoxka bat egin ostean, debalde banatu zituzten barixakuan.



  Bularreko minbiziaren kontrako Espainiako elkarteko (AECC) kide dira zenbait mendaroar, eta haien ekimenez aritu dira joan den astean herriko zenbait ume arrosa koloreko eskumuturrekoak egin eta egin. Eskulanetarako trebezia garatzeaz gainera, horrenbeste emakumeri eragiten dion gaixotasunaz kontzientzia hartzeko aukera izan zuten gaztetxoek. Gero, egindako eskumuturreko guztiak mendaroarren artean banatu zituzten barixakuan.
 Era berean, minbiziaren kontrako elkarteko boluntarioek xingola arrosak laga zituzten herriko dendetan, nahi zuenak hartu eta paparrean jartzeko. Besteak beste, bizimodu osasuntsua gaixotasuna ekiditeko baliagarria dela gogorarazteko jartzen dira xingola horiek.

1706636427248 Eskumuturreko eta xingola arrosak bularreko minbiziaren aurkako egunean

1706636427369 Eskumuturreko eta xingola arrosak bularreko minbiziaren aurkako egunean