Aitzol Etxaburu absolbitu egin du Auzitegi Nazionalak, froga faltagatik

elgoibarren.net 2014ko urr. 20a, 19:45

 
2008an ustez Elgoibarko PSE-EEren egoitzaren aurka egindako atentatu batengatik epaitu dute Aitzol Etxaburu preso ondarrutarra Espainiako Audientzia Nazionalean; eta, absolbitu egin dute, froga faltagatik.

 
 
 


 2008ko apirilaren 20an PSEE-EEren Elgoibarko Herriko Etxearen aurkako bonba erasoan parte hartu izana leporatuta, hiru urteko kartzela zigorra eskatzen zuen fiskaltzak Aitzol Etxabururentzat.
Ramon Saez Valcarcel, Manuela Fernandez Prado eta Fermin Etxarri Espainiako Audientzia Nazionaleko magistratuek, baina, Aitzol Etxabururen aurkako frogarik ez dagoela onartu zuten urriaren 13an egin zuten epaiketan, eta absolbitu egin zuten.

  Ibon Iparragirreren testigantza zen Espainiako Auzitegi Nazionalak Etxabururen aurka zuen ustezko froga bakarra. Iparragirrek torturapean egindako testigantzak zirela azpimarratu zuen epaiketan. Era berean, Etxaburuk Elgoibarko ekimen terroristan parte hartu izana ukatu egin zuen, eta Iparragirre ikastolatik ezagutzen zuela esan zuen. Atentatuan parte hartu izana onartu baldin bazuen, “ertzainen aldetik jaso zituen presio eta torturengatik izan zela” adierazi zien epaileei.

 Honenbestez, ETAk eginiko atentatua izan zela bakarrik argitu dute epaian, erakunde armatuak berak halaxe aldarrikatu baitzuen Gara egunkarian, 2009ko maiatzaren 9an. Epaian jasota dagoenaren arabera, kolore beltzeko zabor poltsa batean sartu zuten lehergailua eta sozialisten egoitzako ate aurrean laga zuten gero. Egoitzatik metro batzuertara zegoen telefono kabina batetik egin ei zuten bonba jarri zutela iragartzeko deia. DYAra deitu zuen ETAren izenean berba egin zuen lagunak, eta goizaldeko hirurak eta erdietan eztanda egingo zuela jakinarazi zuen. 3:25ean egin zuen eztanda lehergailuak. Ez zen inor zauritu, baina kalte material handiak eragin zituen egoitzan bertan, eta, hedatze-uhinaren ondorioz, baita inguruko etxebizitza eta ibilgailuetan ere. Guztira, 89.389 eurotan zenbatu zituzten kalte materialak.