Elgoibarko Gaztetxearen erabilerak "beherakada nabarmena" izan duela-eta, herriko gazteen aisiari buruzko ikerketa bat egitea erabaki zuen Elgoibarko Udalak. Hala, jasotako datuekin, gazteen beharretan oinarritutako politikak diseinatu nahi dituzte, besteak beste, Gaztetxeari aurrerantzean emango zaion erabilpena.
Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak adierazi duenez, gaur egungo Gaztetxeak ez dauka zerikusirik sorrerakoarekin. "Errebindikazio politiko kutsu batekin hasi ziren, baina egungo egoera asko aldatu da. Aktibitatea desagertu egin da Gaztetxetik. Hala izanik ere, Gaztetxea mantentzearen alde daude hainbat gazte, inkesten emaitzetan ikus daitekeenez. Aterpe ona izan daitekeela uste dute hainbat gauza antolatzeko, musikarekin lotura dutenak batez ere".
•Araudiaren beharra
Alkateak, baina, Gaztetxearen erabilera arautzea ezinbestekoa dela uste du. "Gaztetxea Udalaren ekipamendu bat gehiago izatea nahiko genuke Ludoteka, Gaztelekua edo Kultur Etxeko sotoa diren moduan. Gazte asanbladakoen ardura izango litzateke ekipamenduaren kudeaketa, eta gure ardura araudia betetzen dela ziurtatzea eta eraikina egoera onean mantentzea". Gazte asanbladako kideekin bazeko asmoa dutela jakinarazi du Etxeberriak, euren planteamenduaz berba egiteko eta ikerketaren emairzak elkarrekin aztertzeko.
•Gogoeta eta ondorio nagusiak
Gizaker ikerketa etxeak egin du Udalarentzat Elgoibarko gazteen aisialdiari buruzko ikerketa lana. 16 eta 30 urte arteko 1.400 lagun daude erroldatuta Elgoibarren, eta horietako 300 lagunek osatu dute ikerketarako lagina. Telefonoz egin zituzten inkestak joan den uztailean. Hona hemen ikerketaren egileen hitzetan nabarmendu dituzten gogoeta eta ondorio nagusiak: (Elgoibarko gazteen aisialdiari buruzko ikerketa PDF)
- Elgoibarko ia gazte guztiek ezagutzen dute Gaztetxea, baina soilik hamarretik batek erabiltzen du maiz eta hamarretik hiruk noizbehinka.
- Bitarteko adin-tarteko gazteek (19 urtetik 24ra) erabiltzen dute gehien aisialdi-zentro hori.
- Jende gehien erakartzen duten jarduerak musikarekin lotutakoak dira,kontzertuak edo DJak (%70),“batzarrak” (%10,4) edo “jaiak” (%3,1) baino gehiago.
- Gazteek 10etik 6,10eko balioespena ematen diote Gaztetxeari, beraz, hobetzeko tarte "handia" dago. Gehien kritikatzen dutena da jarduera gutxi antolatzen direla, antolaketa txarra dela, kokapena, edo, dirudienez, bertara joaten diren gazteen profilean joera bat dagoela.
- Aitzitik, zentroaren alderdi sendoak dira oso handia dela, gazteak elkartzeko tokia dela eta orokorrean giro ona egoten dela.
- Gazteek, edonola ere, musikarekin lotutako jarduerak eta kontzertuak eskatzen dituzte, horrek topaketa eragiten baitu, eta horixe da azken finean gazteentzako aisialdi-zentro bati eskatzen zaiona; musika lotura-elementu paregabea da horretarako.
- Gazteen %64,7k uste du Udalaren eta Gaztetxearen arteko harremana areagotzea positiboa dela, eta gazteek Udalarekin harremanetan egoteko pertsona bat izendatzearen alde agertu da inkestari erantzun diotenen gehiengoa (%91,7).
- "El Soto"-ren kudeaketa-eredua Gaztetxerako egokia izango litzatekeela uste dute gehienek (%56,7), baina dirudienez kolektibo handiago batek ez du aukera hori ezagutzen edo onartzen.
- Gaur egun, Elgoibarko gazteen erdia baino gehiago lokalen batekoa da. Erabiltzaileen profilari dagokionean, gizonezkoak dira gehiago, eta 16 eta 18 urte bitartekoak eta ikasleak.
- Elgoibarko gazteek honako jarduera nagusi hauek gauzatzen dituzte haien lokaletan: musika entzun, Telebista ikusi, litroak egin, jokoetara eta bideojokoetara jolastu eta baita ikasi eta/edo porroak erre ere.
- Beste alde batetik, ikusten da lokalak ez direla jarduera komunak gauzatzeko topaleku soilik; batzuentzat familia-etxetik “ihes" egiteko bide ere badira, inkestari erantzun diotenen artean bostetik batek esaten baitu pertsona batzuk lokalean bertan geratzen direla lotan batzuetan.
- Musikak, zaratak etab. eragindako bizilagunekiko arazoei edo gertakariei dagokienean, kasu ugari egoten dira (%42,2), eta horrelako hamar gertakaritatik sei konpontzen dira; kasuen %70ean bizilagunekiko tratua egokia dela irizten da.
- Bost lokaletik batean arazoak egon dira kideen artean ere, ordainketekin, kuotekin, arauak ez betetzearekin eta abarrekin lotutako arrazoiengatik.
- Hamar kidetik bat baino gutxiago kaleratu izan da.
- Lokalen alde onen artean, topaleku direla nabarmentzen dute gazteek, eta alderdi negatibo gisa, berriz, isolamendua eragiten dutela. Lokal bat mantentzearekin lotutako alderdi zailenak garbiketarekin eta alderdi ekonomikoarekin lotutako antolaketa dira.
- Lokalek gazteen aisialdi-denboraren kalitatea hobetzen laguntzen dute, gazteek diotenaren arabera. Hiru lokaletik bat mistoa bada ere, gizonezkoen tasa askoz handiagoa da emakumezkoena baino.
- Beste alde batetik, gaur egun, Elgoibarko gazteen kezka nagusiak enplegua, ikasketak eta lagunekiko harremanak dira.
- Azkenik, Elgoibarko gazte-egunari begira, gazteek kontzertuak proposatzen dizkiote batez ere Udalari.
•Gazte Asanbladaren iritzia
Gazteen aisiari buruzko ikerketaren harira, eta Alfredo Etxeberria Elgoibako alkateak Gaztetxeari buruz esandakoak erantzun asmoz, prentsa oharra kaleratu dute Elgoibarko Gazte Asnabladako kideek. Gizaker enpresak eginiko ikerketaren emaitzak ikusita "beste irakurketa bat" egin daitekeela uste dute Gaztetxea kudeatu eta sustatzeaz arduratzen diren gazteek. Ikerketa egiteak izan duen kostuarekin eta antzerako beste proiektu "parte hartzaile" bat egiteak izan zuen kostuarekin, kontzertuak antolatu ahal izateko 15.000 euro eduki zitzaketela diote idatzian.Kontzertuen harira, esanguratsua iruditzen zaie kontzertuak nahi izatea edo proposatzea izatea parte-hartzearen eredu udalarentzat. Euren ustez, hori baino esanguratsuagoa da gazteen %50 baino gehiagok ez dakiela zer nahi edo behar duen. "Hau da, gazteok ez dakigu zer nahi dugun".
Gaztetxearen kudeaketari dagokionez, lokal batena edo Kultur Etxeko sotoaren kudeaketa baino (kudeaketa) "sakonagoa" dela nabarmendu du Gazte Asanbladak. "Ezin da azaleko irakurketa bat egin eta Gazte Asanbladarekin zuzenean dago lotuta". Gazte Asanblada herriko mugimendu ezberdinen arteko "gazte topagunea" dela aldarrikatzen dute.
- Irakurri osorik Gazte Asanbladaren prentsa oharra -PDF
∞Lotura duten albisteak:
- Gaztetxearen eta gazte lokalen inguruko inkesta egingo diote 400 gazte elgoibartarri (2014-06-25)
- Gazteen aisialdi ohiturak aztertzeko lehen tailerra, irailaren 26an (2013-09-24)
- Gazteek dituzten aisialdirako joeren eta premien inguruko diagnosia abiatuko du Udalak (2013-05-21)
- Gaztemapping: gazteen aisialdi ohiturak ikertzeko egitasmoa abian da (2013-07-10)