Maite Maiora nagusi Gorbeia Suzien lasterketan

elgoibarren.net 2014ko urr. 21a, 13:18

 
Mundu osoko goi-mailako korrikalariak batu zituen Gorbeia Suzien mendi lasterketaren hirugarren edizioak. 32 kilometro eta 2.300 metroko desnibel positiboko ibilbidea 2:46:16ko denboran osatu ostean, Ionut Alin Zincak irabazi zuen proba. Emakumezkoetan Maite Maiora gailendu zen, bigarren sailkatuari hamar minututik gorako aldea atereaz. Mendi lasterketen munduko kopan txapeldunorde izan ostean, denboraldiko azken proba zen Maiorarentzat eta garaipenarekin borobildu du ez ahazteko moduko urtea.

 

 Gorbeia Suzien Banco Mediolanum Sari Nagusia jokatu zuten zapatuan, eta 425 parte hartzaile batu ziren Zeanuriko irteeran, horietako batzuk goi mailako korrikalariak, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ostean gure lurretan jokatzen den lasterketarik garrantzitsuenetarikoa baita Gorbeia Suzien. Izan ere, aurten urrats berri bat eman dute, nazioarteko mendi-lasterketen federazioko (ISFko) Skyrunner National Series zirkuitoan sartuz. Horrela, Gorbeia Suzien 2014ko Skyrunner National Championship izan da. 

 Gasteizen bizi den Ionut Alin Zinca errumaniarrak irabazi zuen proba hirugarrengoz; berak irabazi ditu edizio guztiak. 

Gorbeiako Parke Naturaleko txoko ezkutuak ezagutaraztea du helburu Gorbeia Suzienek. Arg: Iñaki Palin.

Emakumezkoetan Maite Maiora zen faborito nagusia, joan den astean Limone Sul Gardan (Italia) lortutako garaipen handiaren ostean, eta oztopo handiegirik gabe lortu zuen proba irabaztea. Antonella Confortolla italiarra saiatu zen Maiora estu hartzen ibilbideko lehen igoera gogorrean, baina ez zuen bere helburua lortu. Aldiz, Maiorak berak bizitu zuen erritmoa zortzigarren kilometrotik aurrera, eta atzean laga zituen aurkari guztiak. Lehen postuan sartu zen helmugan antxitxikari mendaroarra, 3:14:42ko denborarekin. Azara Garcia de los Salmones iritsi zen bigarren postuan, 3:26:20ko denborarekin eta Antonella Corfortolla sailkatu zen hirugarren (3:28:26). (Sailkapenak)

 

*Argazkiak: Fotoiosu eta Iñaki Palin.