Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eginiko bi ikuskizunetan oinarritutako ipuin bana jaso dituzte Plaza-ipuinak bilduman: Ongi etorri Pupu eta Lore eta Bizipoza. Lehenengo ipuinak Pupu eta Lore haurtxoen jaiotza kontatzen du, eta istorioan Atsolorraren festa sartu du Uxue Alberdik. Erditzera dijoan emakume bati beste emakumeek antolatutako festa da, beren laguntza eskaintzeko. Pirritxen lagun guztiek hartuko dute parte festa horretan.
Bizipoza ipuinean bestalde, pailazoek eskaini zuten emanaldiari “buelta” bat eman dio Alberdik. Porrotxek bizipoza galduko du, zahartzaroari beldur diolako. Hala, adinak sortzen dituen galdera eta kezkak izango ditu oinarri ipuinak.
Bi ipuin horiez gain, Nor gara? bildumako hirugarren liburu sorta, Sentituz izenburua daramana ere aurkeztu dute pailazoek. Kartoizko orriz osatutako liburuetan argitaratu dituzte sentimenduei buruzko istorioak: Pozik, Beldurtuta, Triste eta Umore zakurra. “Gure garaian ez ziren emozioak izendatzen, eta hau egitea erabilgarri izan daiteke”, azaldu zuen Alberdik liburuen aurkezpenean. Gainera, esaldi errimatuak erabiltzen ditu liburu horietan. “Haurrek ulertzen dituzte, eta kasu batzuetan, ia buruz ikasten dituzte”.
Plaza Ipuinak eta Nor gara? bildumen aurkezpeneko bideoa: