Otegi: "Garaia da pentsatzeko estatuarekiko akordiorik gabe egin beharko dugula askapen prozesua"

elgoibarren.net 2014ko urr. 27a, 10:04

 
Berria egunkariak elkarrizketa zabala argitaratu zuen atzo Arnaldo Otegi (Elgoibar, 1958) ezker abertzaleko buruzagi presoarekinOtegik gogoeta egin du Euskal Herriko eta munduko egoera politikoaz, ezker abertzalearen apustu estrategikoez, Bateragune auziaz eta presoen egoeraz, besteak beste.

 

 

 

  Iñaki Petxarroman Berriako kazetariaren galdetegi luzea erantzun du Arnaldo Otegik Logroñoko espetxetik. 2009az geroztik preso dago Otegi, Bateragune auziarekin lotuta. 

 Arnaldo Otegik beharrezkotzat jo du burujabetzaren bidea indartzea, eta horren baitan kokatzea gatazkaren ondorioei konponbidea emateko agenda. Apustu horretan, ezker abertzaleak historikoki bilatu izan duen “negoziazioaren eskema klasikoa” atzean uztearen alde agertu da Otegi. Izan ere, ez du borondaterik ikusten Espainiako Estatuaren aldetik gatazkaren konponbidean inplikatzeko, eta, ildo horretan, ondorioen agenda “denbora irabazteko” erabiltzen ari dela uste du. “Garaia da pentsatzeko estatuarekiko akordiorik gabe egin beharko dugula askapen prozesua”, dio.

 Era berean, ezker abertzalearen apustu eta bideari buruz ere ez du autokritikarik falta Sortuko idazkari nagusiak. Haren berbetan, estrategia berriari “iraganeko molde eta eskemekin heltzen” ari zaio ezker abertzalea.

 Kataluniako eta Eskoziako prozesu politikoez ere gogoeta egin du. Euskal Herria horietatik urruti dagoela aitortu du, eta, haietara iristeko, derrigorrezkotzat jo du “XXI. mendeko proiektu independentista eta ezkertiarra marraztu eta eraikitzeko eztabaida herritarra” abian jarri beharra.

 Lurraldetasunari dagokionez, Otegik garbi esan du lurraldeetako estatu burujabe bat duela helburu, baina horretara iristeko hiru erabaki esparru errespetatu beharko direla. Zati horietako batean, besteetatik bereizita, independentzia prozesu bat ea martxan jar daitekeen galdetuta, Otegik beharrezkotzat jo du independentistek horren inguruan ere gogoeta egitea. “Pozez jarraitzen ditut halako eztabaidak, behingoz, estatu propioaren beharra aldarrikatze esparrutik atera eta egikaritze esparruan kokatzen hasi garela adierazten duelako”.