Imanol Garaizabalek irabazi du CDN raid orientazio proba, jarraian irabazten duen hirugarrena

elgoibarren.net 2014ko urr. 29a, 07:16

Orientazio raid probetako Euskal Ligako sei proba jokatu dira orain arte, eta azken hirurak segidan irabazi ditu Imanol Garaizabal elgoibartarrak, azkena Nafarroan jokatu den CDN raida. Aaron Garmendia laudioztarra lagun hartuta lortu zuen garaipena. Raid probetako Euskal Liga amaitzeko proba bakarraren faltan, sailkapen nagusiko lehen postuan daude, eta hortaz, Garaizabalek eskura du iaz lortutako garaipena errepikatzea.



  Nafarroa Kirol Elkarteak antolatuta, CDN raid orientazio proba jokatu zuten, joan den zapatuan, Unzuen, Nafarroan. 72 taldek hartu zuten parte proban, eta azken bi raidetan gertatu den moduan, -Aiaraldeakoa eta Arratiakoa- Imanol Garaizabal eta Aaron Garmendia izan ziren onenak. Garaipenerako bidea, baina, ez zela zela arrosaz beterikoa izan aitortu du Garaizabalek. Probaren lehen zatian "akats batzuk" egin zituzten eta estu ibili ziren, eta bigarrengoan aldiz euren mailaren berri eman zuten.
 Beroak baldintzatutako raida izan zen Unzuekoa, gerizpe handirik gabeko guneetatik pasatzen baitzen ibilbidearen zati handiena. Lehenengo sekzioan, korrika egin beharrekoan, "baso itxi eta bidezidor estuetan" barrena ibili zirela azaldu du Garaizabalek, eta akats batzuk medio atzerapena pilatu zutela. Gero, 20 kilometroko ibilbidea egin behar zuten mendi bizikletaz eta zati hori ere ez zuten "nahi bezain ongi eta azkar" osatu. Eskalada, tirolina eta rappela batzen zituen hurrengo probak, eta hor bai, primeran moldatu ziren Garaizabal eta Garmendia. Biderik zailenetik egin zuten paretean gora, eta ondorioz, puntuaziorik altuena eskuratu zuten. Mendi bizikleta proba batekin amaitzen zen raida, lehengoa baino politagoa, gogorragoa, eta teknikoagoa, Garaizabalen berbetan. "Atal hau azkar eta zehatz egin genuen, eta gainerako taldeek ez zutenez ibilbide azkarrena aukeratzen asmatu, irabaztea lortu genuen", azaldu du.
Iñigo Araujok eta Javi Guallar elgoibartarrek osatutako Vultur Gryphus taldea zazpigarren postuan sailkatu zen, eta Aitor Zubiaurre eta Anex Retana (Morkaiko) 11. postuan. (ikus probaren sailkapena eta argazki bilduma)

Sailkapen nagusiko lehen postuan
 Jokatutako sei probetatik hiru irabazita, hirurak segidan, Orientazio raid probetako Euskal Ligako sailkapen nagusiko lehen postuan dago Imanol Garaizabalek eta Aaron Garmendiak osatzen duten Euskal Raid taldea, 578 punturekin. Proba bakarra geratzen da Euskal Herria Columbia Raid Series ligako amaitzeko, Esteribarreko raida, hain justu ere. Azaroaren 22an jokatuko da. Parte hartzearekin bakarrik ziurtatuta dute ia lehen postuari eustea, eta iaz lortutako garaipena errepikatzea.

Aurrera begira, hurrengo urtean Europako txapelketako raid probaren batean parte hartzeko asmoa dutela aurreratu du Garaizabalek, eta horretarako lau laguneko taldea osatu dute, tyartean emakumezko bat. Aurten Corsica Raid proban hartu zuen Garaizabalek, bosteko taldea osatuz, eta ez ziren batere gaizki moldatu, bigarren postuan sailkatzea lortu zuten-eta.