Elkarbizitzaren “ikastea” bultzatu nahi du Gurutze Gorriak Elkarbizitzarako Gimnasioa izeneko tailerretan. Hamar gaitasun landu nahi dituzte: nor bere burua ezagutu, enpatia, komunikazio asertiboa, pertsonen arteko harremanak, erabakiak hartu, arazo eta gatazken konponbidea, sortze-pentsamendua, pentsamendu kritikoa, emozio eta sentimenduen erabilera, tentsio eta estresaren erabilera.
Tailerretan sentimenduak eta esperientziak partekatuko dituzte, eta horiek hobeto kudeatzen irakatsiko dute. Antolatzaileen esanetan, bakardadea, baztertuta edo inguruak epaituta sentitzea eta antzerako sentimenduak dira orain arte antolatu dituzten tailerretan gehien nabarmendu direnak. Aurrez aipaturiko hamar gaitasun horietan trebatuta, sentimendu horiek "gainditzen, erlatibizatzen eta ulertzen" lagundu daitekeela dio Gipuzkoako osasun arduradun Maider Gonzalezek.
Era berean, gimnasiaren bitartez, elkarbizitza egokiaren garrantziaren balioa agerian jartzeak lagundu egiten du auzokoen artean elkartasun ekintzak egiten, eta baita gazteagoei horien esanahia transmititzen ere, elkarri laguntzeko keinuak imitatu ahal izan ditzaten. "Horrela gizarte justuagoa eraikitzen dugu”.
- Informazio osoagoa Gipuzkoako Gurutze Gorriaren webgunean