Emudafek, Elgoibarko Musika eta Dantza Federazioak, eta Elgoibarko Udal Musika Bandak antolatuta, ganbera musika kontzertua eskainiko du Duo Endechak zapatuan, azaroaren 1ean, Elgoibarko Herriko Antzokian. 12:30ean hasiko da kontzertua eta debalde izango da.
Jose V. Pla (Villanueva de Castellon) eta Leonardo Alonso (Mar de Plata, Argentina, 1972) maisuek osatzen dute “Endecha” klarinete eta gitarra bikotea. Ganbara musikako proiektu berria da eurena, eta kontzertista eta konposatzaile ibilbide luzean ikasitakoa jarri dute praktikan proiektu honetan. Oso gutxitan ikusten den musika tresnen konbinazioaren bidez, tangoan oinarritutako moldaketa abangoardistak eta originalak eskaintzen dituzte. Izan ere, Leonardo Alonsok musika klasikoa eta Mar de Plata inguruko musika herrikoiak konbinatzen ditu klarinete eta gitarrarentzat, bietan baita aritua eta aditua.
Eszenaratzea akustikoa da soilik, eta interpretatzen duten programa publiko guztiei zuzendua dago; gainera, estilo eta garai desberdinetako konposatzaile garrantzitsuen lanak batu dituzte errepertorioan. Horietan, Leonardo Alonso berak egindako bi transkripzio-moldaketa daude, Roberto Pansera maisuaren “Loca Bohemia” tangoarena eta Nestor Marconi maisuaren “Tiempo esperado”-rena, hain justu ere. (ikusi Elgoibarren joko duten Tango de Camara egitaraua)
•Elgoibarrekin lotura
Bilboko Udal Musika Bandako klarinete bakarlaria da Pepe Pla, eta horrez gain, behin baino gehiagotan jo izan du Elgoibarko Udal Musika Bandarekin, Txomin Mujikarekin duen harremana medio, Elgoibarko Udal Musika Bandako zuzendaria eta BilbaoMusika udal erakunde autonomoko zuzendari kudeatzailea baita Mújica; eta hortik dator bien arteko hartu emana.