Orokorrean ordenantza fiskalak izoztu bazituzten ere, salbuespen batzuk izan ziren. Ondasun higiezinen gaineko zergan, esaterako, lurzoru industrialean kokatutako ondasunengan aplikatzen den tipoan %8ko igoera aplikatzea onartu zuten, era horretan azkeneko hiru urteotan egin dutena jarraituz. Gainerako udalekin parekatze aldera proposatu zuen igoera hori EAJk. EHBildu ados agertu zen igoerarekin, baina ez zenbatekoarekin. Koalizioaren iritziz, %8koa beharrean %20koa beharko luke izan igoerak, tamainaz Elgoibarren antzerako herrietan dauden enpresek ordaintzen duten kopuruekin parekatzeko. Javier Nuñez PPko zinegotziak, berriz, zergak are gehiago jaisteko aukera dagoela Elgoibarren adierazi zuen udalbatzarrean, eta horregatik egin zuela abstentzioaren alde azaldu zuen.
San Lazaro zahar egoitzaren tarifa ere %3 igoko da aurten. Iaz izoztu egin zuten, baina eskainitako zerbitzua kostua baino baxuagoa zela konturatu ostean hartu dute tarifa igotzeko erabakia.
Salbuespenekin jarraituz, zaborren tasan %1eko igoera ezarriko dute 2015erako (iaz %0,8koa izan zen). Hori bai, Udalak zaborren tasaren gaineko %20ko hobaria emango die "bosgarren edukiontzia, gutxienez, urtean 40 aldiz erabiltzen dutenei eta konposta egiten dutenei". Hala, baldintza horiek betetzen dituztenek urtean 30 euro gutxiago ordainduko dituzte. Izan ere, bosgarren edukiontzia erabiltzen duten elgoibartarrek 152 euro ordainduko dituzte 2015ean eta 182 euro gainerakoek.
•Etxebizitzen eskuragarritasuna eztabaidagai
Elgoibarko udalak 2015 urterako onartutako ordenantza fiskalen harira, politika fiskalak gastu publikoa finantzatzeaz gain, behar edo "interes publikoa" duten egitasmoak bultzatzeko balio duela adierazi du Elgoibarko EHBilduk, eta behar horietako bat “etxebizitzaren eskuragarritasuna” dela nabarmendu dute. Behar horri erantzuteko neurri bat ere proposatu dute: etxebizitzen alokairua bultzatuko lukeen politika garatzea. Ondasunaren Gaineko Zerga arautzen duen ordenantza onartzerako orduan, EHBilduko kideek etxe hutsak merkaturatzeko programa bat jartzea proposatu dute, "horretarako hutsik dauden etxeei ezarriko geniokeen Ondasun Gainerako Zergaren %50eko errekargutik lortutako diru-sarrerak erabiliz". Proiektu honen garapenean etxe jabe zein maizterrek udalaren bitartekaritza, laguntza eta jarraipena izango luketela azaldu dute. Alabaina, kexu dira euren proposamenak aurrera egin ez duelako, eta EAJri legealdi planean agindutakoa ez betetzea leporatu diote. "Legealdi planean agindutakoa ez betetzeaz gain, ate guztiak ixten dizkigute legealdiaren hasieran onartu zutena garatu ahal izateko. Esaera zaharrak dioen bezala “Ez egurra ebaki, ez aizkora eskaini'”.
∞Lotura duten albisteak:
- Zerga eta tasa gehienak izoztuta mantenduko dituzte 2014an (2013-11-01)
- Tasak %3,4 igotzea onartu ostean, alkateak bertan behera laga du udalbatzarra Twitter erabiltzeagatik (2012-10-24)
- Udal zergak %2,1 igoko dituzte 2011n (2010-11-05)
- Zerga gehienak izoztuko ditu Udalak (2009-10-30)
- Datorren urterako zergak %5,5 igotzea onartu du osoko bilkurak (2008-10-31)
- Udal zergak eta tasak ordaintzeko bi modu berri Internet bidez (2008-07-02)