Haurren eta nerabeen euskararen erabilera areagotzeko klabeak aztertzeko jardunaldia, azaroaren 28an

elgoibarren.net 2014ko aza. 4a, 10:51

 
Haurren eta nerabeen euskararen erabilera areagotzeko klabeak aztertzeko jardunaldia antolatu du Elgoibarko Izarra elkarteak, Udalarekin propio sinatu duen hitzarmenaren bidez finantzatuta. Azaroaren 28an egingo dute jardunaldia, goizez, eta Euskal Herriko hainbat adituk hartuko dute parte: Kike Amonarriz, Iñaki Eizmendi, Koikili Lertxundi, Jose Mari Agirretxe “Porrotx”, Lorea Agirre edo Naiara Martinek, besteak beste. Elgoibarko IMH ikastetxean izango da, goizeko 09:00etatik aurrera. 

 

Euskara dakiten eta egiten dutenaren arteko desoreka

 Euskaraz dakiten haurren eta nerabeen portzentajeek etengabe gora egiten badute ere, erabilera-datuekin ez da gauza bera gertatzen. Desoreka nabarmena dago dakiten eta egiten dutenaren artean. Elgoibarko Izarrak, Udalak eta herriko ikastetxeek, beste elkarte eta eragile batzuekin batera, urte asko daramatzate lanean herriko haurrek eta nerabeek euskaraz gehiago egin dezaten. Haien hizkuntza-ohituretan eragitea dute helburua, baina horretarako estrategia argiak behar dituztela azpimarratu dute euskalgintzan diharduten eragileek, eta , estrategia horiek finkatzen hasteko prestatu dute azaroko jardunaldia.  

Eskola orduz kanpoko jarduerak aztergai

Azaroaren 28ko jardunaldian eskola orduz kanpoko jardueretan zentratuko dira, batez ere, eta haurrekin eta nerabeekin lotura zuzena duten sektore batzuk aukeratu dituzte; sektore horietatik zer egin daitekeen aztertzeko. Hainbat galdera planteatuko dituzte eta horiek erantzuten saiatuko dira adituak: Zein da Udalen zeregina haur eta nerabeek euskaraz gehiago egin dezaten? Zer egin daiteke kirol elkarteetatik? Zer egin daiteke kulturaren mundutik? Zein da gurasoen papera seme-alabak euskalduntzeko prozesuan? Sektore bakoitzari aditu batek helduko dio, eta orain arteko lanari segida emateko klabe batzuk jasotzea da antolatzaileen helburua.  

Jardunaldi irekia

Ez dute jardunaldia adituentzat edo teknikarientzat bakarrik prestatu. Haurrekin eta nerabeekin harremanetan dauden agente eta eragile guztiak izan dituzte kontuan, eta denak gonbidatu dituzte: kirol elkarteak, kultur elkarteak, guraso elkarteak, ikastetxeak, euskara-teknikariak … “Izan ere, haurren eta gazteen hizkuntza-ohiturak ez dira berez sortzen edo aldatzen, eta denoi komeni zaigu jakitea zer egin dezakegun etorkizuneko haurrak eta nerabeak euskaraz bizi daitezen”, azaldu dute antolatzaileek. Azaroaren 17ra arte eman dateke izena (Internetez izena emateko egin klik hemen). Elgoibarko Udaleko Euskara Sailean (943 744 366) edo Elgoibarko Izarran (943 741 626) ere eman daiteke izena.

Egitasmoa, hitzaldiak eta hizlariak: (azaroak 28, barixakua)

  • 08:45-09:00   Akreditazioa eta dokumentazioa jasotzeko
  • 09:00- 09:10  Ongi-etorria 
  • 09:15-09:25   Jardunaldiaren aurkezpena
  • 09:30-09:55   Gure haur eta nerabeak euskaldunak al dira? Kike Amonarriz
  • 10:00-10:10   Zer uste dute gure haur eta nerabeek? Ikusentzunezkoa
  • 10:15-10:40   Erabileraren ontzia bete. Iñaki Eizmendi
  • 10:45-11:10   Atsedena
  • 11:15-11:40   Kirola oinarritik euskaraz. Koikili Lertxundi
  • 11:45-12:10   Euskal kulturatik bizipoza saretzera. Jose Mari Agirretxe “Porrotx”
  • 12:15-12:40   Etxetik plazara. Lorea Agirre
  • 12:45-13:10   Zer eta nola egin Udaletik? Iñaki Arruti
  • 13:15-13:40   GUREAN BAI proiektuaren aurkezpena. Naiara Martin
  • 13:45-14:00   Sinadura ekitaldia eta agurra

Izena emateko eta informazio gehiago: www.elgoibarkoizarra.com