Euskal preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetuko duen norbanakoen sare herritarra sortu nahi dute Mendaron, “aniztasunean, elkartasunean eta errespetuan” oinarrituta. Hainbat arlotan diharduten mendaroarrek sinatutako idatzia kaleratu dute. Idatzian diotenez, aniztasunetik, gutxieneko batzuk adostu eta hortik giza eskubideen urraketak amaitzeko dinamikak lantzea dela Sare-ren asmoa. Martxoaren 15ean aurkeztu zuten 25 pertsona ezagunek San Telmoko Adierazpena, "siglak eta alderdikeriak" alde batera uzteko deia eginez.
Gatazka luze eta mingarriaren testuinguruan kokatzen dute preso eta iheslarien gaia. “Zaila litzateke herri honetan, nolabaiteko indarkeriaren ondorioak ezagutu ez dituen familiaren bat topatzea”. Hala ere, konponbiderako pausoak eman direla nabarmendu dute, besteak beste, 2011ko urriaren 17ko Aieteko Adierazpena, handik hiru egunera ETAk jarduera uztea erabaki izana, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bake eta Bizikidetzarako Plana, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak edo nazioarteko komunitateak egindako ekarpenak aipatu dituzte.
•Argazki herrikoia
Sarea egitasmoarekin bat egin duen mendaroarren taldeak ere aurrera egiteko nahia adierazi du, joan den urtarrilean 'Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea' lelopean Bilbon egindako manifestazioa adibide jarrita. Horregatik, datorren barixakuan, azaroaren 7an, argazki herrikoia ateratzeko deia egin dute. Mendaroko Herriko enparantzan aterako dute argazkia, 20:00etan.
- Irakurri osorik Mendaroren ere konponbidearen sarea idatzia - PDF